Pastoralak Julia Fernandez Zabaleta Iruñeko maistra edo errientaren (1898-1961) bizitza kontatzen du. Haren bizitzak «hiru ardatz» izan zituen: «Pedagogia berria ekarri zuen Iruñeko eskolara, emakumeen eskubideen alde borrokatu zen, eta euskara eta euskal kultura gogoz eta sutsu bultzatu zituen». Francok 1936an estatu kolpea eman zuenean, Fernandez Zabaleta ihesi joan zen Bilbora, eta han, Euskal Gobernuak Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordekide izendatu zuen. Frankistek Bilbo hartu zutelarik, Lapurdiko Getariara joan zen, eta «eskolak eman zizkien errefuxiatuen seme-alabei».
Halaber, «lan handia egin zuen emakumea politikan aritzeko». Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen Nafarroan, eta EAJko kide.
Biharko pastoraleko emanaldian, bi bertsolari hauek parte hartuko dute: Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua. Sarrera 15 euroan izango da.