Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Dantza’ filma zinema aretoetan 2016an egotea espero dute Telmo Esnal, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzek

Dokumentuaren akzioak

‘Dantza’ filma zinema aretoetan 2016an egotea espero dute Telmo Esnal, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzek

“Ez da euskal dantzei buruzko dokumentala; istorioa dantzen bitartez kontatzen duen dialogorik gabeko fikzio lana da”, esan dio Telmo Esnal zinemagile donostiarrak Euskalkultura.com-i. Berarekin batera Koldobika Jauregi eskultorea eta Juan Antonio Urbeltz dantzan aditua ari dira 2016an estreinatzea espero duten ‘Dantza’ filmean lanean.
Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Donostia-San Sebastian
Mota
Albistea
Data
2014/09/25
Lotura
Euskalkultura.com

Bilboko Guggenheim Museoarentzat bideo bat egiten ezagutu zuten elkar Esnalek eta Jauregik, orain urte batzuk. Eta ordutik darabilte buruan euskal dantzekin film bat egitea. Gauzak horrela, Esnalek Urte berri on, amona! pelikula bukatu ondoren elkartu egin ziren sortzaileak eta dantzaren bitartez fikziozko herri baten istorioa kontatuko duen lanaren lehen zertzeladak hasi ziren marrazten. “Euskal dantzen inguruan pertsonarik jantziena izanik Juan Antonio Urbeltzengana jo genuen eta, bere hipotesietatik abiatuta, idatzi genuen gidoia”. Zuzendari dihardu Esnal, jantzien eta attrezzoaren diseinatzaile Jauregi eta aholkulari Urtbeltz.

Filmaren teaser-a edo aurkezpen bideoa egin dute dagoeneko baina grabazioa, “pixkana pixkana” 2015ean zehar egitea espero dute. “Dantzariekin grabatzea ez da aktoreekin grabatzea bezala”, esan du Esnalek. “Denbora gehiago beharko dugu; badaude 200 dantzaritik gora dantzan agertuko diren sekuentzia batzuk”. Grabatzen duten heinean filma muntatzea dute buruan eta, beharrezko finantzazioa izatekotan, 2016an estreinatzea espero dute. “2016rako prest edukitzea espero dugu. Espainia mailan dirua lortzen saiatzen ari gara geure aldetik eta, Frantzia mailan, iparraldeko Ateka produkzio etxea. Hau ez da film soil bat, elkarlana da”. Izatez, dantzariak ere Pirinioetako alde bietakoak dira.

“Geure zinema indartu nahi baldin badugu Iparraldearekin batera lan eginez izan beharko da eta, horretarako, ez dago dantza baino gai aproposagorik” uste du Esnalek. “Ilusio handia daukat proiektu honekin, neure bi maitasunak bateratzen dituelako: dantza eta zinea. Diru gehiago izan eta sekuentzia berriak grabatzeko desiratzen nago”.

Telmo Esnal zinemagilea
Telmo Esnal zinemagilea

Dokumentuaren akzioak