Iñaki Dieguez akordeoilari famatuak eta oraindik famatuagoa den Xabier Berasaluze ‘Leturia’ panderojoleak erromeri bikaina eskaini zuten igande arratsaldean Lesakako Albistur karrikan, Udako II. Zikloaren baitan. Beti bizi goiburupean, Pepito Yanci zenaren pieza ezagunak eta ez hain ezagunak jo zituzten Abaseneko atarian, hain zuzen, Pepito Yanciren sortetxean.
Hainbat jota, fandango, vals eta arin-arinekin batera, Lesakako sanferminetako danborradan jotzen den Mozkorrenborda, Lesaka, Beti Gazte eta bertze hainbat doinu jo zituzten trafikoari moztua eta jendez beteta zegoen Albistur karrikan, eta batzuk dantzatzera ere animatu ziren. Emanaldian, Pepito Yanciren bizitzako pasarteak ere aditu zituzten.