Dokumentuaren akzioak
«‘AMAraun’ amatasunaren inguruko hausnarketa bat da»
Iguaran eta Luluaga 'AMAraun' iragartzen duen irudian.Hitza
Non du sorburua ‘AMAraun’-ek?
Lankuk egindako proposamen batean. Lankuko Marta Agirrezabalak bertsoa eta dantza uztartuz ea zerbait egin genezaken galdegin zigun niri eta Amaiur Luluaga dantzariari. Elkarrekin sekula lanik egin gabeak ginen, baina planteamenduak gogoa behintzat piztu zigun. Bilera bat egin genuen eta izan zitekeenaz hitz egin bezain pronto hartu zuen forma ideiak.
Zer da ‘AMAraun’?
Amaraunen amatasunari buruzko kezka bat biltzen da. Bidaia hipotetikoa deitzen diogu guk, izan edo ez izan horren baitan zenbat gauza mugitzen diren aztertzen da; eta gero izatekotan ere zer prezio daukan gaur egungo gizartean ama izateak. Horren bueltako hausnarketa bat da, hasi zalantzatik eta segi kezkara, pozera… mendi errusiar horretako emozio ezberdinetatik pasatuz.
«Itxiera Idiazabalen izatea berezia da niretzat, nire harrera herria da baina, etxean izango dela esan daiteke»
Makina bat emanaldi egin dituzue. Zer nolako esperientzia izan da?
Hainbat lekutara iristeko aukera izan dugu eta oso esperientzia ona izan da. Hari mutur batzuk planteatzen ditugu ikusleek nahi beste tira dezaten hortik; jendeak osatu duen emanaldi bat da gurea.
Idiazabalgoa izango da ikuskizuna ikusteko azken aukera. Berezia da zuretzat?
Poz handiz hartu dugu. Ni Idiazabalen bizi naiz azken urteetan eta Amaiur ere dantza irakaslea da bertan. Itxiera Idiazabalen izatea berezia da niretzat, nire harrera herria da baina, etxean izango dela esan daiteke.
Gipuzkoako bertsolari txapelketa ere amaitu berri da. Hirugarren sailkatu zara finalean. Nola ikusi duzu zure burua txapelketan zehar?
Finala iragana da agendan, baina gorputzean oraindik ez. Pasa da, baina oraindik digestioa egiten ari naiz. Oraindik ez dut saioa osorik entzuterik izan; zortzigarrena nintzenez saioaren zati handi bat galdu nuen. Bertsokide guztiak ikusi nituen uneren batean asmatzen, saio polita joan zenaren irudipena daukat. Zentzu horretan kolektiboki pozik, oso merezitako txapela dauka Alaia Martinek. Ni nire lanarekin ere pozik. Uste dut gauzak alde etorri zaizkidanean asmatu dudala, eta gauzak hain erraz izan ez ditudanean ere lan handia egin dudala. Egoteko modu horrekin oso pozik nago, nahiz eta hobetzeko gauza dezente utzi ditudan. Aurrera begira plazetan kantuan jarraitzeko gogoz nago. Orain, urtea amaitzerako saio mordoxka bat egoten dira, bereziak eta goxoak, eta lehiako tentsio horretatik kanpo horiek disfrutatzeko gogoz.
Dokumentuaren akzioak