Zuberoako Aitzindariak elkarteak landu du, Amaia Antzokian maiatzaren 24an, 19:00etan eskainiko den ‘Aitzina Biga’ emanaldia. Guztira, 118 partaide izango dira oholtzan. Sarrerak salgai hemen. Emanaldiaren ondoren, AED elkarteak arrasatearrak eta zuberotarrak elkartzeko afaria antolatu du Uarkapen, txartelak AEDn erosi daitezke maiatzaren 21era arte.
Gaur aurkeztu dute Kulturateko Areto Nagusian ‘Aitzina Biga’ emanaldia. Bertan izan dira: Jean Bordachar, Aitzindariak elkarteko presidentea, Renee Harbustan, Arrasaten bizi den zuberotarra eta Andoni Arratibel, Kultura zinegotzia.

1990an sortu zen Aitzindariak elkartea eta ordutik, Zuberoako 15 dantza talde bildu ditu bere baitan eta bertako musika, dantza eta kantoreak lantzen dihardute. Bide horretan, 2007an ‘Aitzina Pika’ ikuskizuna sortu zuen elkarteak, berrogeita hamar musikari, dantzari, abesle eta antzezlerekin eta Arrasaten ere eskaini zuten emanaldi bat.
Aurten, partaidetza bikoiztuta (118 partaiderekin) ‘Aitzina Biga’ sortu dute. Amaia Antzokiko oholtzan izango dira 53 dantzari, 32 kantari, 15 musikari, 16 aktore eta 2 bertsolari. Jadanik bi emanaldi eskaini dituzte, bata Maule-Lextarren eta bestea Biarritzen. Bordacharrek gainera, azpimarratu du emanaldi bakoitzean 1200 ikusle inguru izan zirela.
Emanaldiak hainbat helburu ditu baina nagusiena, Euskal Herriko beste lurraldeekin harremanak sortzea dela aipatu Bordachar Aitzindariak elkarteko presidenteak. Horrez gain, belaunaldi ezberdinak eta praktika artistikoak nahastea, dantza talde ezberdinetako harremanetan eragitea, eta zuberoako dantza munduan dinamika berriak sortzea dira beste helburu batzuk.
Bestetik, Zuberoa ezagutzeko eta bertako kultura bizirik mantentzeko aukera ezin hobea izango dela ere aipatu du Renee Harbustanek, Arrasaten bizi den zuberotarrak. Emanaldiko sarrerak hemen erosi daitezke 15€-ko prezioarekin.
Herri afaria AEDren eskutik
AED elkarteak antolatuta, arrasatearrak eta zuberotarrak elkartzeko afaria ere izango da Uarkapen, 22:00etan. Txartelak AEDn erosi daitezke maiatzaren 21era arte, 18€-ko prezioan.
Hau izango da menua:
- Natxoak guakamolearekin
- Paella (balentziarra edo begetala aukera daiteke. AEDn txartela erosterakoan adierazi zuen aukera)
- Euskal pastela
- Ardoa, sagardoa edo ura aukeran
