Dokumentuaren akzioak
‘Agur(t)ango’, euskal eta argentinar erritmoak bilduta, Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearen eskaintza
‘Agur(t)ango’ hizkote berriak, agurra eta tangoa hitzak zein dantzak jaso eta batzen ditu. Aitor Alava bere sortzailearen esanetan, “aspaldiko ideia bat zen baina behar genuen bi dantzak menperatzen zituen bikote bat eta aurtengo BACerako lortu ahal izan dugu”.
Aurkeztutako proposamenari dagokionez, Ekin Dantzari Taldeko zuzendariak azaldu dio EuskaKultura.com-i "ikuskizunaren arrakastak oso arrazoi argia daukala", izan ere “gure dantzan oreka egokia lortu dugu hiru ardatz hauen artean: narrazioa, musika eta mugimenduak; normalean dantza ‘berriak’ aurkezten direnean, hauetako ardatzetako bat bakarrik agertzen da, eta gure kasuan hirurak orekatu ditugu, eta publikoa ohartzen da horretaz”, azaldu digu Buenos Airesen finkatutako dantzari arabarrak.
Elkartzen diren bi historia
‘Agur(t)ango’ koreografian bi dantza ez ezik, bi herritako historiak ere batzen dira. Alde batetik, bere seme-alabak joaten ikusi zituen Europako herri baten historia; bestetik, besoak zabalik hartu zituena, "batez ere euskaldunen kasuan". Musikari euskaldun ugarik hartu zuen parte tangoaren sorreran eta historian, eta hori ere irudikatu nahi izan omen du Alavak bere dantzan.
Euskal Herriko dantzariaren jardunbidean hau ez da, baina, Argentinako folklorearekin egin duen lehenengo gurutzapena. 2015eko Macachingo Euskal Astean ‘chacarera’, ‘gato’ eta ‘zamba’ dantzak dantzatu zituen Ekin Dantzari Taldeak. Eta iaz ere aurkeztu zuten bere taldeko dantzariek ‘chacarera’ bat. Berak azaltzen duenez, euren asmoa "ez da batere errepertorioaren erdia euskal errepertorioa izatea eta beste erdia hemengoa; nahi duguna da bi herrien idiosinkrasia eta izaera errespetatzea”, diosku.
Bestalde ‘Agur(t)ango’ ere ez da dantzari arabarrak ‘fusioa’ markapean aurkezten duen lehenengo dantza. Berak dakarrenez, “Llavallolgo Euskal Echea Ikastetxeko iazko Euskal Festan, Cueca-Fandango bat dantzatu zuten bere zuzendaritzapeko dantzariek. Publikoa harritu zen dantza bera dela ohartzean; eta batera ikusteak harrigarriagoa egiten du ezustea”.
Etorkizunari begira, Alavak ez du baztertzen hau bezalako pieza –hango eta hemengo elementuak erabiliz– gehiago sortzeko ideia. “Batzuk bideratuta daude dagoeneko, esaterako Korrontzi taldearen 'Portusalda' abestiarekin prestatzen ari garena. Eta batzuk batzen ditugunean, baliteke ikuskizun oso bat prestatzea taula gainean”, iragartzen du.
Etorkizun hurbilean, ordea, astero elkartzen dira taldekideak entseatzera eta dakitena irakastera. Izan ere, San Nicolaseko Euskal Etxean ere dantza irakasle ari da gau egun Aitor Alava. Eta adostuta dauzkaten jardueren artean, Pergaminora joango dira laster, Dantza Plazan delako dantza saio bat antolatzera.
Facebook, Ekin Dantzari Taldea
Aitor Alavaren bloga, Dantz-ango
2017ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' Jaialdia ‘Agur(t)ango’ taularatu zuten dantzariak
Dokumentuaren akzioak