Barandiaran Bekaren 2016 deialdiari dagokionez, proposamenak aurkezteko epea zabalik dauka Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak. Etnologia alorreko ikerketak izango dira edizio honetako ardatz eta interesatuek 2016ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute euren proposamena. Zuzkidurari dagokionez, 10.000 eurokoa izango da eta norbanakoek zein lantaldeek hartu ahal izango dute parte, Euskal Herrian zein kanpoan bizi badira ere, baldin eta euskal kulturaren alor horiei buruzko lanak diren.
Fundazioak 2016ko abenduaren 31 baino lehen emango du epaiaren berri, nahiz eta hala erizten badiote, epaimahaiak beka esleitu gabe utz dezakeen, bere ustetan aurkezturiko proiektuek ez badituzte baldintzak betetzen.
Beka 1980an sortu zenetik Euskal Herriko Historiaurre-Arkeologia eta Antropologia-Etnografiarekin zerikusia duten lanak bultzatzea izan da Barandiaran Bekaren xede nagusia eta Euskal Herriko ikertzailerik esanguratsuenek hartu dute parte orain arte Barandiaran Bekaren ikerketa taldeetan.
Edozein galdera edo zalantza deialdiari buruz Jose Miguel Barandiaran Fundaziora egin daiteke, emailez gasteiz@barandiaranfundazioa.eus helbidera.
Bekaren oinarriak, hemen
EDBren Folklore Ikerketa Beka 2016
Bere aldetik, Euskal Dantzarien Biltzarrak, kultura tradizionala sustatzeko helburuarekin, bere Folklore Ikerketa Beka 2016 deitu du, jarduera horren inguruan dauden edo erlazioa daukaten diziplinak kontutan hartuko dituela (Folklorea, Etnografia, Etnologia, Antropologia, Soziologia, Historia, Artea …).
Beka eskuratzeko aukera izango dute dantza eta musika herrikoia, ohiturak, tradizioak, jantziak, musika instrumentuak, haur jokoak, erritualak, gastronomia, festa tradizionalak, kondairak, eta orokorrean tradizioei edo forma folklorikoei erreferentzia egiten duena edo Euskal Herriko edozein puntuko herrietan izate edo bizimoduari erreferentzia egiten dieten ikerketa lanek.
Kasu honetan, norbanakoentzako beka da eta 1.000 euroko zuzkidura izango du. Proposatutako lana gehienez urte bateko epean egin beharko da.
Edozein zalantza edo kontsultarako +34 690 812514 telefonora bidera daiteke edo, emailez, edb-koordinazio@hotmail.com helbidera.