Dokumentuaren akzioak
2012an maskaradarik ez dela izango esan dute Santa Graziko herritarrek
Astelehena 19
Kazeta.info-k zabaldu duenez, Santa Grazik hartu du heldu den urteko maskaradak emateko erantzukizuna, gamere-zihigatarrek azaroan uko egin ostean.
Herrian izandako gerkatari tragiko batengatik deliberatu zuten Gamere-Zihigakoek 2012an maskaradarik ez eskaintzea; 2013.ean egingo dute, erabaki harekin batera jakinarazi zutenez. Urtarrilera bitarte hain tarte estua izanik, bazirudien maskaradarik gabe geratuko zela Zuberoan 2012an, denbora luzea behar izaten baita dantzari eta antzezleak era egokian prestatzeko. Azken unean, baina, Santa Grazik hartu du lekukoa; 2011ko maskaradak ematen zituen herri berak, alegia.
Santagraztarren erabakiak ukitu gozoa emango dio Zuberoan oso zapore garratza izan den urte beltz honi. Eta, bitxia bada ere, baliogabetu egingo ditu urtarrila aldean Santa-Grazi elkarteko buru Laurent Chübürük esandako hitzak: "Aurten izan daiteke Santa Grazik maskaradak ematen dituen azken aldia, euskararen gainbehera dela eta". Ezbehar batek errepikatzeko aukera eman die orain, ezbehar batek 2011ko egitaraua osorik burutzen utzi ez zien manera berean. Gamere-Zihigan bezala, maskaradako zenbait parte-hartzailerekin harreman estua zeukan pertsona baten heriotza tragikoak behartu zituen Santa Grazikoak beren azken emanaldiak bertan behera uztera.
Dokumentuaren akzioak