Dokumentuaren akzioak
200 dantzari bilduko dira bihar Alegian Dantzari Txiki Egunean
Goizeko 10:30etan abiatuko dira kalejiran Larraitz
auzoan zehar, eta bertako plazan herri bakoitzeko talde batek dantza
bana eskainiko du. Lehen saio honen ondoren, dantzariek hamaiketakoa
zain izango dute pilotalekuan. Jarraian Kalebeherara joango dira, eta
han beste dantza bana dantzatuko dute.
Zalantzarik gabe, biharko egitarauko unerik
garrantzitsuena eguerdi aldera iritsiko da. Dantzari guztiak herriko
plazan bilduko dira; lehenbizi herri bakoitzak dantza bat eskainiko du,
eta gero 200 dantzarik batera Agurra, Fandangoa eta Arin-arina
dantzatuko dituzte.
2006an antolatu zuten lehen aldiz Alegian Dantzari Txiki
Eguna, dantza taldeko monitore zen Garazi Bengoetxeak proposatuta, eta
lehen esperientzia hura ondo joan zela ikusita, ordutik urtero
errepikatu dute. Lehenengo bi edizioetan larunbatez ospatu zuten
Dantzari Txiki Eguna; lehen urtean arratsaldez, eta bigarrenean goizez.
Iaz, igandera pasa zuten, eta aurten ere halaxe mantendu dute.
«Larunbatetan gaztetxoek beste konpromiso batzuk ere izan ohi dituzte,
kirol jarduerak esate baterako, eta hori dela eta lehenengo bi
edizioetan dantzari batzuk ezin izan zuten parte hartu», argitu dute
Martak eta Natik, dantza taldeko arduradunek. «Horregatik, igandez
egitea pentsatu genuen, egun horretan ez baitute halako konpromisorik
izaten».
Dokumentuaren akzioak