Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 20 urteak ospatzeko aitzakia

Dokumentuaren akzioak

20 urteak ospatzeko aitzakia

Maitaldia jaialdian beteko ditu Miarritzeko Malandain balletak 20 urteak. Koreografia zatiak ikasteko parada zabalduko dute. Egitarau oparoa dakar jaialdiak ostiralean hasita

Hogei urteak publikoarekin ospatzeko baliatuko du aurtengo Maitaldia dantza jaialdia Maladain Balletak. Irailaren 7tik 16a bitartean da iraganen 28. edizioa duen dantzaren jardunaldi nagusiak. Tarte horretan, 26 konpainia dira aldizkatuko. Eta horien artean, Miarritzen azken 20 urteetan ezarria den Miarritzeko Malandain balleta.
Egilea
Nora Arbelbide Lete
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/09/04
Lotura
Berria

Bi hamarkadak ospatzea, hori du justuki edizio honetako plana Malandain balletak. Eta horretarako, dantza ahal bezain publiko zabalarekin partekatzeko asmoekin pentsatu bi saio eginen ditu. Batetik, dantzaldi irekia. Irailaren 15ean, larunbat arratsarekin, 22:15ean, Herriko Kasinoko Enbaxadoreen gelan. Ideia da Maladain koreografoak 20 urte hauetan asmatu 20 koreografia zati dantzatzea ahal bezain publiko zabalenarekin. Balleteko Arnaud Mahouy dantzaria gidari. Ez dela goi mailako dantzaria izaterik segurtatu du Thierry Malandain balleteko koreografoak: «Biziki sinplea da». Horrelako saioak jadanik esperimentatu dituzte beste zenbait lekutan, besteak beste, Donostian, eta, aldi oroz, «publikoak une atsegin bat» bizi izaten duela berretsi du Malandainek. Ospakizunen bigarren saioa, egun berean baina 15:00etan; orduan, Miarritzeko Hondartza Handiko pasabidean. Balleteko dantzariek 20 koreografia labur eskainiko dituzte.

Ospakizunaz bestalde, dantza jaialdiak berak usaiako «aniztasunean» oinarrituko du bere egitaraua, Malandainen hitzetan. Koreografoa jaialdiaren zuzendari artistikoa ere bada. Aspalditik bezala, dantza estilo orotarik eskainiko du jaialdiak. Ohi bezala, publikorik zabalena erakartzen dutenak Midi geltokian. Kasinoko saioak ere betetzen dira errazki. Esperimentalagoak, edo publikoarekin harreman intimoago bat eskatzen dutenak, berriz, Koliseoan. Badira ere betiko kanpoko saioak, plazetan gaindi eta urririk. Hitzaldiak, ikastaldiak eta ikastaldiek borobiltzen dute jaialdia.

Zenbait saio zehatzago aipatzearren, lehen gaualdikoa dago, antolatzaileek berek gertakari gisa aurkezten dutena. Hau da, Marie-Agnes Gillot eta Carolyn Carlsonena. Lehen aldia da taula gain berean elkartuko direla. Embers to Embers dute proposatuko.

Gillot Parisko opera berriki utzi duen dantzaria da Marie-Agnes. Han dantzari izarra zen. Eta lehen saioa izanen du Miarritzekoa, Paris utzi duenetik. Dantzari izarra gisa hautatua izan zen, preseski, Carolyn Carlson Signes dantza emanaldian egin saioagatik. Carolyn Carlsonek, berriz, ez du behin ere erretreta hartu, eta segitzen du dantzan 74 urtetan, bere izena duen konpainian. Saioa, beraz, irailaren 7an dute finkatua, 21:00etan, Midi geltokian.

Adinari nolabait lotua ere, baina arrunt beste estilo batean, hau da, Alessandro Bernardeschi eta Mauro Paccagnellaren Happy Hour. Hor ere bi dantzari bilduko dira taula gainean. Biak usaian dantza uzten den adin batekoak. Bada 20 urte elkar ezagutzen dutela, eta dantzari baten bizia barnetik ezagutaraztekoa ematen dute dantza emanaldi honetan, umorez eta malenkoniaz. Saioa irailaren 13an dute, Koliseoan, 19:00etan.

Migrazioa aipagai

Migrazioa, erbesteratzea, mugak, elkarbizitzak, gatazkak, aktualitateko gai horiek ere beren lekua izanen dute Maitaldian. We Love Arabs da horren adibide. Hillel Kogan koreografo eta dantzari israeldarrak Adi Boutrous dantzari palestindarrarekin dantzatzen duten pieza da. Klixe arrazistei buruzkoa ez ezik, koreografoaren eta dantzariaren arteko harremanei buruzko satira bat ere bada pieza. Kritika eta autoderisioa ez dira eskas, ironia delarik erabili bideetako bat. Irailaren 15ean, 21:00etan, Herriko Kasinoan ariko dira.

Sous la Peau konpainiarekin, exodoaren gaia du bereziki landu Claude Brumachon koreografoak. Further emanaldia ekarriko dute Lapurdira. Brumachon ezaguna da Miarritzen, haren aitzineko bi koreografiekin aritua da jadanik bere taldea. Irailaren 13an ariko Midi geltokian, 21:00etan.

Lehen aldia izanen du Maitaldian, berriz, Sidi Larbi Cherkaoui koreografoak. Baina bada bulta bat ekarri nahi zuela Malandainek. Haren dantzak anitz lekuetan emanak dira, eta aipatzen dira franko. Irailaren 12an ariko dira, asteazkenarekin, 21:00etan, Midi geltokian. Eastman emanen dute. Libertatea eta propaganda du gaia, Noam Chomsky pentsalariaren gogoetak oinarri.

Flamenko dantzak ere bere lekua ukanen du aurtengo edizioan. Hori ere usaiako saioa izaten da. Aldi honetan, Rafaela Carrasco dantzaria da gomita. Nacida sombra emanaldia du ekarriko Maitaldira irailaren 14ean, ostiralarekin, 21:00etan. Midi geltokira,

Eta beste usaiako saioa ere, dantza klasikoarena, aldi honetan Tolosako (Okzitania) Capitoleko balletarekin. Jaialdiko azken saioa izanen da, irailaren 16an, igandearekin, 21:00etan, Midi geltokian. Giselle ikuskizuna dute dantzatuko.

Tokiko sorkuntzak ere bai

Tokiko konpainiek beren lekua izanen dute Maitaldian. Argia dantza taldea, Juan Antonio Urbeltzen Martin Zalakain-ekin da etorriko irailaren 9an, Midi geltokira, 21:00etan. Amaia Elizaranen Block Santa Eugenia plazan ikusten ahalko da, 9an beti, 15:00etan. Matxalen Bilbao konpainiak Fugas sorkuntza du ekarriko irailaren 8an, larunbatarekin, Bellevue plazara 17:00etan. Egun berean baina Koliseoan eta 19:00etan, Traversee konpainiako Johanna Etxeberri koreografoaren Paisaia sumatuak sorkuntzak Artzamendi mendia du inspirazio iturri. Han ikusi eta sentitutik abiatu du bere dantza.

Elirale Senpereko konpainiak Artha sorkuntza aurkeztuko du irailaren 11an 19:00etan Koliseoan. Sokoako Artha izeneko digatik itsasoari begira, herritik joateko eskubidea du galdekatu nahi Pantxika Telleria koreografoak.

Eta azken bat emateko, Malandain Balleteko dantzaria izan Gael Domenger, gaur egun koreografo dena, eta gaur egun Malandain balletekoa den Romain Di Faziok Balancetonfaune sorkuntzaren lehen saialdi bat aurkeztuko dute. Horiek, kanpoan eta irailaren 15ean, 12:30ean.

Marie Agnes Gillot, Parisko operako dantzari ohia; Maitaldia zabalduko du Carolyn Carlsonekin.
Marie Agnes Gillot, Parisko operako dantzari ohia; Maitaldia zabalduko du Carolyn Carlsonekin. BERRIA

Dokumentuaren akzioak