Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1512ko Nafarroako konkista 'Joanikot' pastoralaren bidez, igandean

Dokumentuaren akzioak

1512ko Nafarroako konkista 'Joanikot' pastoralaren bidez, igandean

Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioaren harira antolatutako programaren barruan sartuta dago, eta 10:00etan hasiko da, Iruñeko kaleetan barna egingo den kalejira batekin.

Joanikot pastorala antzeztuko da igandean, 11:00etan, Baluarten, eta ikusleak Nafarroako konkistaren garaira eramango ditu, 1512ra. Jarduera hau Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioaren harira antolatutako programaren barruan sartuta dago, eta 10:00etan hasiko da, Iruñeko kaleetan barna egingo den kalejira batekin. Segizioa Frantziako portaletik abiatuko da, Carmen eta Navarreria kaleetatik igaro, Katedraleraino igo, eta Curiatik jaitsiko da, Mercaderes hartu eta Udaletxe plazan amaitzeko.
Komunikabidea
Euskalerriairratia
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2017/09/05
Lotura
Euskalerriairratia

Ikuskizunerako sarrerek 5 euro balio dute, eta salgai daude Baluarteko leihatiletan eta webgunean (kasu honetan kudeaketa gastuak barne daude). Ikuskizunak hiru ordu iraungo ditu. Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta pastoralaren idazle Joana Etxartek eman dute gaur prentsaurrekoan ikuskizunari buruzko informazio osoa. Jean Pierra Recalt da antzezpenaren zuzendaria.

Aurkari diren bi bandoren bidez kontatutako istorioa

Zuberoako pastorala atari zabalean egiten den euskal antzerki herrikoiaren motarik landuena da. Lehen idazkiak XVIII. mendekoak baldin badira ere, antzezten, kantatzen eta dantzatzen den antzerki honek Erdi Aroan bide du jatorria. Argumentua bi talde antagonikoren bitartez kontatzen da, eta urtero ezberdina den 'sujet' edo protagonista baten historiaren berri ematen digu.

Aurtengo pastoralak -uztail amaieran eta abuztu hasieran, Altzai eta Lakarri herriek bertan antzeztu dutenak- Arberoako Joanikot kapitainaren eta bere emazte Hoztako Maiaren bizia kontatzen du. Joanikot kapitainak Nafarroako konkistan parte hartu zuen 1512an, Albako dukearekin eskuz-esku, Gaztela eta Aragoiko erresumen alde. Haatik, irabazleek nafarrei egindako triskantzak ikusirik, Joanikot kapitaina Albreteko Enriqueren alde jarri zen, Nafarroa berreskuratzeko saialdietan. 1521ean, Donibane Garaziko gotorlekua babesten zuten soldaduen buru izan zela jakina da.

Gaztelako armadak kontraeraso bortitza egin zuenean, 1521ko udan, Noaingo gudua irabazi eta gero, Joanikot eta haren soldaduak setiatu zituzten, Garazin, 21 egunez. Hori guztia Amaiurko setioa baino aste batzuk lehenago izan zen. Azkenik, Joanikot preso hartu zuten eta Iruñera eraman. Han traidoretzat jo, hil eta haren gorputza laurdenkatu zuten, hiriko sarguneetan erakutsi zutelarik. Hori horrela, haren emazte Hoztako Maiak dena utzi behar izan zuen Tiebasen, eta Baionara ihes egin zuen.

1512ko Nafarroako konkista 'Joanikot' pastoralaren bidez, igandean

Dokumentuaren akzioak