Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 15 elgoibartar ariko dira «Pas de Basque» ikuskizunean

Dokumentuaren akzioak

15 elgoibartar ariko dira «Pas de Basque» ikuskizunean

Komunikabidea
Gara
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2005/01/14

«Pas de Basque» ikusgarria Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenetan eskaini dute jadanik, eta ikusleen eta kritikarien babes osoa lortu du. Larunbat honetan, hilaren 15ean, Elgoibarko herriko antzokian izango da ikusgai, gaueko 22:15etik aurrera.



Ekimena Elgoibarko Udalaren laguntzari esker iritsiko da herrira. Izan ere, San Anton eguna (herriko bigarren patroiaren omenezko festa) ospatuko dute datorren astelehenean. Alkatearen hitzetan, «nahiz eta elgoibartarrok jaieguna izan, ezer gutxi egoten da egun horretan. Horrexegatik, ideia ona iruditu zitzaigun asteburu honetan ikuskizun hau ekartzea herrira. Nik Eibarren ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Hori dela-eta, herritar guztiak animatu nahi ditut, ikuskizun polit hau ikustera joateko».



Herritarrak partaide



Bestalde, esan behar da Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen dantza ikuskizun honetan 15 dantzari elgoibartarrek hartuko dutela parte, beste 30 bat dantzarirekin eta musikarirekin batera. Donostiako Argia dantza taldeko dantzariek, eta Eibarko, Elgoibarko eta Añorgako dantzariek hartzen dute parte.



Euskal dantza tradizionalaren proposamen berritzaile honetako irakasle Iñaki Arregik esandakoari kasu eginez gero, «dantzarien eta musikarien maila harrigarria da benetan. Ez da batere erraza lehen mailako 45 dantzari eta musikari biltzea, eta luxu honetaz gozatzeko aukera izango dute larunbatean Elgoibarko herritarrek».



Ekitaldi honetara joateko asmoa duten guztiek aurrez eros ditzakete sarrerak, Elgoibarko Kultur Etxean, 8.00etatik 14.00etara bitartean. Era berean, ikuskizunaren egunean bertan antzokiko leihatilan jarriko dituzte salgai.

Dokumentuaren akzioak