Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 14 bikote Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Dokumentuaren akzioak

14 bikote Euskal Herriko Dantza Txapelketan

39. edizioa larunbat arratsaldean jokatuko da Seguran, eta gauean eskainiko du ETB1ek

Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2015/10/13
Lotura
Diario Vasco

Euskal Herriko Dantza Txapelketa datorren larunbatean jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. 14 bikote arituko dira nor baino nor gehiago txapelketaren 39. edizio honetan. Azken urte hauetako parte hartzerik handiena eta zabalena izango du txapelketak, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko ordezkariak izango baititu.

Astearte honetan (urriak 13) egin da Dantza Txapelketaren aurkezpena eta bertan, Eñaut Telleria Segurako alkateak, Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Solteko koordinatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendariak, eta Andoni Salas ETBko programa berezien arduradunak hartu dute parte.

Iaz baino lau bikote gehiagok hartuko dute parte Seguran eta honakoa hau da bikote zerrenda: Beñat Olano-Paula Gonzalez, Gasteiz; Manex Alberdi-Amaia Agirre, Bergara; Xabier Artola-Idoia Besada, Irura-Pasaia; Mapi Egues-Ane Zubelzu, Ibarra; Asier Ibarguren-Garazi Gurrutxaga, Azpeitia; Lander Campos-Haizea Hormaetxea, Santurtzi-Leioa; Iker Sanz-Lierni Kamio, Lezo-Vilabona; Mikel Subinas-Maite Beobide, Azpetia; Aimar Odriozola-Izaro Urrestarazu, Ibarra; Beñat Urrutia-Manex Moreno, Sopela-Leitza; Amets Amubieta-Larraitz Larrañaga, Azpeitia; Jon Ander Iriondo-Libe Lizaso, Azpeitia; Ibai Jimenez-Iratxe Lizarburu, Zaldibia-Ibarra, eta Pierre Latasa-Anais Zugarramurdy, Urruña-Donibane Lohitzune.

Dantzariek zortzi bueltako fandangoa txistuz Isilkara txistulari taldearen musikarekin edo albokaz Ixiar Jauregi eta Beñat Gartziarekin, eta arin-arina trikitiaz Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin dantzatuko dute.

Aurretik, dokumentala

Halaber, epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituk osatuko dute: Ander Garitaonandia, Arantxa Garin, Nahikari Vizuete, Koro Sarasola eta Xabier Mendizabal. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.

ETBn, gainera, emanaldiaren aurretik, Seguran urte guzti hauetan ospatu den txapelketaren historiaren inguruan Agustin Ezenarrok zuzendu eta Iñigo Vaquerizak errealizatutako 1994tik 2014 arteko erreportajea izango da ikusgai.

Segurakoa historia handiko txapelketa da, urtez urte hobetzen eta aldatzen joan dena, batik bat dantza, dantzari eta ikuskizunari dagokienez. Horren guztiaren erantzule izan da Segurako herria. Segurarrak izan dira txapelketa hau Euskal Herriko garrantzitsuena izan dadin lagundu dutenak.

Artxibo lan interesgarria jaso da lan honetan, argazki eta hainbat bideoen laguntzaz. Irudi horien bitartez, txapelketaren eboluzioa jarraitzen du, batik bat telebista bidez ematen hasi zenean, baita dantza eta dantzarien bilakaera ere. Dantzarien testigantzak dute protagonismo berezia eta baita musikarienak ere.

Artxiboko irudian, aurreko edizio bat.
Artxiboko irudian, aurreko edizio bat. / J.M. LÓPEZ



Dokumentuaren akzioak