Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 11. Dantza Eguneko tranpaldo irekian parte hartzeko aukera

Dokumentuaren akzioak

11. Dantza Eguneko tranpaldo irekian parte hartzeko aukera

Komunikabidea
Noaua
Tokia
Usurbil
Mota
Albistea
Data
2023/03/28
Lotura
Noaua

Apirilaren 29rako antolatzen ari den 11. Dantza Egunaren baitan, jendaurrean dantza saio bat eskaintzeko aukera izango du nahi duenak. Hitzordurako izen-ematea ireki du Orbeldik.

"Mikrofono irekia" moduko ekimena bueltan da Orbeldi Dantza Taldekoen eskutik. Kasu honetan, abesteko ez, jendaurrean koreografia bat plazaratzeko baizik. Apirilaren 29rako antolatzen ari diren 11. Dantza Egunaren baitan Orbeldik programatu duen ekintzetako bat izango da tranpaldo irekia. Izen-ematea zabaldu dute jada, usurbildantzan@gmail.com helbidean.

Bertara igorri beharreko emailean parte hartzaileen kopurua eta norbanako edota taldearen izena zehaztu behar da, egin beharrekoa azaldu, zer nolako baliabideak beharko diren adierazi. “Dantzarako modalitatea librea da”, adierazi dute Orbelditik. Hain zuzen, jakitun dira Orbelditik kanpo ere beste dantza modalitate batzuetan jarduten dutenak badirela herrian eta egiten dutena erakusteko “plaza ez dutenak”. Horretara animatzen dituzte “ez soilik haurrak, baita gazteak eta helduak ere. Animatu!”.

Apirilaren 29an egingo duten 11. Dantza Eguneko osagaietako bat izango da tranpaldo irekia, baina ez bakarra. Ez da faltako gau parterako Orbeldiko kideak ontzen ari diren ikuskizuna, berrikuntzekin aurten; edota eguerdi partean egingo duten kalejira eta bazkaria, aurten Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak bidelagun dituztela. Dantza Egunaz gain, aurreko urteetako ildoari jarraiki, dantzari helduen topaketa eta Dantzari Txiki Eguna antolatu dituzte apirilaren 22an eta 23an hurrenez hurren.

Orbeldik ekimen guztiok "Dantzaroa" izeneko zikloaren baitan kokatu ditu. Egunotan xehetasun gehiago.


Dokumentuaren akzioak