Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 100 dantzaritik gora larunbatean Baluarten, Besta Berri ikuskarian

Dokumentuaren akzioak

100 dantzaritik gora larunbatean Baluarten, Besta Berri ikuskarian

Iruñeko entzunaretoak hartuko duen ikuskizunak Corpusaren, Bestaberriren, inguruan euskal kultura tradizionalean egiten zirenei begiratuko die, bost dantzaren bidez.

Baluarteko Areto Nagusiak Besta Berri dantza ikuskizuna hartuko du larunbat honetan, otsailak 1. Horretan, bost euskal dantzaren bidez, behinola Cropusaren inguruan egiten ziren desfileak hartuko dituzte gogoan.
Komunikabidea
Eitb
Mota
Albistea
Data
2014/01/29
Lotura
Eitb

Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkorean aditua da zuzendaria, eta 100 dantzari baino gehiago igoko dira oholtzara, dantza talde hauetakoak: Argia, Haritz (Elgoibar), Kezka (Eibar), Duguna (Iruñea), Gure Kai (Deba), Maritzuli (Biarritz) eta Xinkako (Bidarte). Gainera, 15 musikari izango dira, doinuak zuzenean joz.

Ikuskizunaren aurkezpenean Javier Lacunza Baluarteko zuzendariak esan zuenez, "pertsona eta baliabideak ugari erabiltzen dira ikuskizunaren mesederako", eta "gure ondarea berreskuratzen duen lan interesgarria da". Iruñean jendeak "oso ondo" hartzea espero du Lacunzak, gainera.

Juan Antonio Urbeltzen hitzetan, Besta Berri "intesgarria, polita eta koloretsua" da, eta hainbat taldek "Bestaberriren inguruko kultura tradizionalaren ezaugarriak" erakusten dituzte bertan elkarrekin.

Urbeltzek azaldu duenez, jai honen inguruan "dantza asko" zegoen, baita denboraren joanak higatu duen mundu fantastiko alternatibo bat ere", baina egun horietako elementu batzuek bizirik diraute oraindik", haren hitzetan. "Baluartera bertaratzen direnei ahogozo ona utziko die, kultura tradizionala kultura unibertsalaren ernamuina baita", azpimarratu du.

Besta Berri 2012ko abenduan estreinatu zen, Bilbon, Arriaga antzokian, eta Euskal Herriko hainbat udalerritan izan da dagoeneko, hala nola Donostia, Gasteiz, Eibar eta Andoain. Horietan guztietan, "oso harrera ona" egin diote, eta aretoak "ia beterik" egon dira.

Ordubete eta hogei minutuko emaldian, hiru zati daude. Lehenengoan, 'Besta Berri Sarrera' izenekoan, dantza hauek daude: 'Herensugea', 'Ezpata Dantza', 'Heletakoen sarrera', 'Lapurdiko makil dantza' eta 'Muxikoa'.

Bigarren zatian, 'Oteizaren Apostoluen Soka Dantza' izenburukoan, 'Oñatiko Dantzak', 'Seien Bourrea' eta 'Apostoluen Soka Dantza' egingo dituzte, eta 100 dantzarik baino gehiagok egindako lana 'Muriska eta 'Azken agurra' dantzek itxiko dute.

Besta Berri ikusteko sarrerak 14 eta 18 euro artean erosi ahalko dira, bide hauetatik: Baluarteren wegunea, leihatilak, Ticketmaster webgunea eta 902 15 00 25 telefono zenbakia.

Besta Berri ikuskizuneko une bat.

Besta Berri ikuskizuneko une bat.

Dokumentuaren akzioak