Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1.400 dantzari elkartu ditu Dantzari Ttikien Egunak, Donibane Lohizunen

Dokumentuaren akzioak

1.400 dantzari elkartu ditu Dantzari Ttikien Egunak, Donibane Lohizunen

Ipar Euskal Herri guziko 39 dantza eskola elkartu dira, asteazken honetan, Donibane Lohizuneko errebotean. Urte osoan dantza ikasten duten gazteentzat plazara ateratzeko parada nagusia da.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donibane Lohizune
Mota
Albistea
Data
2024/05/09
Lotura
Berria

Dantzari Ttikien Eguna, Donibane Lohizuneko errebotean. GUILLAUME FAUVEAU

Dantzari Ttikien Eguna, Donibane Lohizuneko errebotean. GUILLAUME FAUVEAU
 

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 1.400 dantzari gazte bildu ditu maiatzaren 8 honetako Dantzari Ttikien Egunak Donibane Lohizunen (Lapurdi). IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak eta tokiko dantza talde Begiraleak elkarteak antolatu dute eguna, eta 39 dantza eskola elkartu dituzte. Haurrekin batean etorriak ziren dantza eskoletako laguntzaileek eta burasoek mukuru bete dute Donibane Lohizuneko errebotea. Goizean, Lapurdiko itsasbazterreko hiriko karriketan ibili dira gazteak, dantza jantzitan. 11:00etan ikuskizun nagusia eman dute, taldeka, errebotean. Denetarat 23 euskal dantza. Musika eskoletako herri musikariak lagun izan dituzte. Denek elkarrekin piknika egin dute gero, eta arratsaldean Begiraleak taldeak bere ikusgarria eskainiko du, baita Masterklaz Xiberoko dantzariek ere. Eguna, Kiki eta Joseren dantzaldiarekin bukatuko da.

Ihintza Irungarai IDBko langile eta egunaren antolatzaile taldekoa da. Dantzari Ttikien Eguna urte osoko antolaketa lana dela aitortu du: «Aitzin prestaketa lan handia da». Funtsean, salatu duenez, laster hasiko dira jadaneko 2025eko Dantzari Ttikiko egitarauaren antolatzen. «Gero taldeei emateko irailean, urtea ukan dezaten ikasteko». Halaber, musika eskolekin, «jakin dezaten zer jo beharko duten».

Dantza eskoletako haurrek, maiz, parada bakarra dute Dantzari Ttiki plazara ateratzeko saldoan. Irungaraik argi du zer duten helburua: «Euskal dantzari eta euskal kulturari toki eder baten ematea». Haurrak berak markatzen dituen eguna dela dio. «Aski harrigarria da haientzat, eta dantzari esker markatuak dira». Ohartzen dira, gainera, ez direla bakarrik dantzan ari direnak. «Garrantzia eta indarra ematen diete egiten duten horri».

Dantza eskola batetik bestera aldakorra da transmititzen den errepertorioa. «Lapurdin eta itsasaldean gehienbat, zazpi probintzietako dantzak irakasten dira oraindik ere», erran du Irungaraik, nahiz azken urteetan taldeak berriz lotu diren tokiko dantzen jakintzari. Haurrak direnez, «irri dantzak eta joko dantzak» erakusten dira anitz. Lehen bezala, orain ere, Zuberoan «arrunt haien errepertorioa egiten dute». Baxenabarren bi joeretarik ikusten dela dio.

Herriko mintzaira dantza taldeetara berriz sartzen ari da. «Anitzez hobetu da. Euskarak gero eta toki handiagoa du». Errealitateak guziz desberdinak dira herri eta lurralde batetik bestera, baina, Irungaraik esplikatu duenez, IDB federazioak helburu argi bat finkatu du: «Oinarrietariko bat da orain. Belaunaldi berriak lotzen zaizkio gero eta gehiago euskarari». Alabaina, bistakoa da badirela talde franko oraino frantsesez bizi direnak. Bizkitartean, Irungaraik uste du dantzen funtsari berriz lotzen direla emeki-emeki: «Errituei, zentzuari lotzen dira gehiago: herriaren historiari. Batzuk bai, baina anitz ez dira lotuak turismoari».

Begi aspaldiko elkartea

Pierre Latasa Begiraleak harrera egile zen taldeko arduradunetan da. Gomitatu taldeen kudeatzen eta bideratzen ibili da goiz osoan, Irungarairekin batean. Bere taldeko dantzariak ere lagundu ditu arratsaldeko emanaldia prestatzen.

Begiraleak eta Begi bezalako euskal kultur elkartearentzat badu munta halako egun baten errezibitzeak. «Inportantea zaigu kultura zabaltzea eta hamar bat urte guziz jendea biltzea hemen», erran du Latasak. 90 urte beteko ditu elkarteak heldu den urtean, eta, Latasak dioenez, euskal dantzak badu «indarra» Donibane Lohizunen. Gaur egun, 150 bat dantzari ibiltzen dira elkartean; dantza eskolan, berrogei bat haur.

Errepertorioa aipatzean, lehenik «euskara» transmititzen dutela dio. Ikastolatik kanpo haurrek hizkuntza erabiltzeko toki garrantzitsua da dantza elkartea, «sustut Donibane bezalako herri batean, non, azkenean, euskaraz aritzeko guneak gutti diren». Dantzetan, Lapurdikoak ematen dituzte. «Gureak, Betti Betteluk berreskuratu zituenak 1990eko urteetan». Baita Euskal Herri guziko beste dantza batzuk ere.

Dokumentuaren akzioak