Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1.050 itsas miliako dantza zubia

Dokumentuaren akzioak

1.050 itsas miliako dantza zubia

'Atlantik 1050' ikuskizunak Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko ditu
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/06/07
Lotura
Berria
Errenteria (Gipuzkoa) eta Edinburgo artean 1.050 itsas miliako distantzia dago, eta, neurri hori ardatz hartuta, Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ikuskizun bat hasi dira prestatzen alde bateko eta besteko sortzaileak: Atlantik 1050. Atzo izan zuten lehen hitzordua, Errenteriako Niessen gunean, Alain Maia euskal dantzari eta koreografoak, Jen Wren koreografo eskoziarrak eta Amy Geddes musikari eskoziarrak, egitasmoa aurrera eramateaz arduratuko direnak, eta datozen bi hilabeteetan garatuko dute ikuskizuna. Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko dute Atlantik 1050, abuztuan —2tik 26ra egingo da—, eta Errenteriako Atlantikaldian egingo dute bigarren eta azken emanaldia, irailaren 19tik 22ra.

Bi herrialdeen arteko elkarlana testuinguru jakin baten barruan kokatzen da. Etxepare Euskal Institutuak Scotland Goes Basque egitasmoa jarri du abian aurten, euskal sortzaileen lanak Eskozian erakusteko asmoarekin, eta, orain arte, hainbat musikarik eta zinemagilek euren lanak erakutsi eta aurkezteko aukera izan dute herrialde hartan. Abuztuan, berriz, literaturari eta arte eszenikoen alorrei lotutako aurkezpenak egingo dituzte. Hain zuzen ere, azken horren barruan kokatuko da Atlantik 1050.

Egitasmoa Atlantikaldiak berak sustatu du; izan ere, Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkateak azaldu duenez, jaialdiaren helburuetako bat, ikuskizunak erakusteaz gain, sormena bultzatzea ere bada. Jaialdiaren seigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta, aurreko aldiaren espirituari jarraituta, herrien arteko loturak eta harremanak egitea izango du asmo nagusi. Etxepare Institutua bezala, Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionala ere sartu da proiektuan. Azken horrek egingo du Eskoziako artisten aukeraketa, eta Atlantikaldiak hautatuko ditu, berriz, proiektuan esku hartuko duten euskal ordezkariak.

Atlantik 1050 ikerkuntzaren, uztarketaren eta elkarlanaren emaitza izango da, sustatzaileek adierazi dutenez, eta horretan jardungo duen lantaldea osatu aldera, Dance Basek deialdi bat zabaldu zuen egitasmoaren zuzendari artistikoa eta musika zuzendaria hautatzeko. Horien artean, Jen Wren dantzari eta koreografoa eta Amy Geddes musikaria aukeratu zituzten. Dantzariak aukeratzeko, berriz, erakundeak deialdi bat egin zuen Eskoziako dantza tradizionaletan trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean, eta hautaketa ekainaren 15ean egingo dute. Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak euskal herritarrak izango dira, eta Geddesek aukeratuko ditu, sortze prozesuan aurrera egin ahala eta zein instrumentu joko dituzten zehaztu ondoren.

Euskal partaideei dagokienez Atlantikaldiak Errenteriako Ereintza dantza taldeari egin dio enkargua, eta horrek Alain Maia dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren eta musika zuzendariaren aholkulari. Horrez gain, bera arduratuko da euskal dantzariak aukeratzeaz. Atzo jakinarazi zuenez, Ereintzako talde bat izango da oinarria, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetako dantzariak ere ariko dira proiektuan.

Momentuz, Wrenek eta Geddesek lauzpabost egun egingo dituzte Euskal Herrian, euskal kulturaren eta dantzen inguruko informazioa jasotzen. «Hemengo artea eta dantza ezagutu nahi ditut, eta gero eta gehiago ikasi», adierazi zuen Wrenek berak atzoko agerraldian, ikuskizunean Euskal Herriko eta Eskoziako kulturen arteko uztarketa egin nahi duela esatearekin batera. Asteburuan izango dute horretarako aukera, Pasaian (Gipuzkoa) maskarada bat ikusi eta Kukai konpainiaren tailer pare batean ere parte hartuko baitute Wrenek eta Geddesek. Gainera, ikuskizunean parte hartuko duten dantzariak ere ezagutuko dituzte.

Momentuz, atzo, Kukai dantza taldeko kideekin lehen saioa egiteko aukera izan zuten, Errenterian bertan, eta, han ikusitakoarekin, Wrenek adierazi zuen Euskal Herriko eta Eskoziako doinuek «erritmo bertsua» dutela, nahiz eta dantzatzeko moduak ezberdinak izan.

Gerora, Maia Edinburgora joango da, eta Eskoziako taldeko dantzariak ezagutuko ditu. «Eta, gero, lan handia egin beharko dugu birtualki». Nolanahi ere, pasadizo bat ere kontatu zuen Wrenekin orain arte izan duen harremanaren berri emateko. «Elkarri lehen mezuak bidali genizkionean, galdetu nion ea zein hizkuntzatan izango genuen harremana, hark gaztelaniaz ere hitz egiten baitu. Eta berak erantzun zidan: 'Zertarako, dantza badaukagu komunikatzeko?».

Guztira, 25 dantzari inguruk hartuko dute parte Atlantik 1050-en. Horien erdiak Euskal Herrikoak izango dira, eta besteak, eskoziarrak.
Alain Maia, Jen Wren eta Amy Geddes, atzo, Errenterian eginiko saioan.
Alain Maia, Jen Wren eta Amy Geddes, atzo, Errenterian eginiko saioan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Dokumentuaren akzioak