Dokumentuaren akzioak
1.000 dantzari bilduko dira igandean Oiartzungo Euskal Herriko Dantzari Egunean
Jaiaren antolatzailea Euskal Dantzarien Biltzarra (EDB) da, Haurtzoroko nahiz Elizaldeko dantza taldeen, eta sortu berria den Olarri dantza taldearekin batera. Oiartzungo Udalak babesa eman dio dantzaren jai handiari. Eta horiek denek agerraldia egin zuten atzo egunaren berri emateko.
Asier Legorburu Kultura zinegotziak agertu zuen Oiartzun dantzan tradizio handiko herria dela, eta horren harira, Olarri Dantza Taldea sortu berri dela, “horregatik Euskal Dantzarien Biltzarretik gonbidapena jaso genuen eguna antolatzeko. Guk poz handiz baietz esan genien”. Joseba Altube EDBko lehendakariak aipatu zuen zazpi herrialdeetako 50 dantza talde direla EDBren parte, 20.000 bat dantzarirekin, “Euskal Herriko sare kulturalik handienetakoa da EDB”. Dantza tradizionala eta folklore tradizionalari lotutako hainbat egitasmo dituztela jakinarazi zuen Altubek, formazioa, ikerketa eta dokumentazio lana ardatz dutela, “eta horren erakusle izatea nahi dugu Dantzari Eguna”.
Urtero Euskal Herriko herrialde ezberdin batean egiten da Euskal Herriko dantzarien eguna. Aurten, beraz, Gipuzkoari eta Oiartzuni dagokio ardura hori, igandean. Zentzu horretan, Olarriko Izar Etxeberriak adierazi zuen eguna Oiartzunen egitea “aurrerapausoa” dela sortu berri den taldearentzat, “gure lehenengo agerraldi publikoa izango da. Oso pozik gaude. Eguna aurrera ateratzen laguntzeagatik Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Ikastetxea eskertu nahi ditut”.
Dokumentuaren akzioak