Berriz, Deba, Ekora, Iruñea eta Luzaideko dantzariak izango dira Basaurin
Bertzijanako kate-dantza, Ekora, 2022-05-14. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Euskal Herriko Dantza Agerketaren 54. edizioa egingo da irailaren 18tik 20ra Basaurin. Euskal Herriko hainbat txokotako tokian tokiko dantzak ezagutarazteko helburuarekin, bost dantza talde izango dira aurtengo jaialdiko gonbidatuak: Ekorako dantza taldea (Ekora, Araba), Iremiñe (Berriz, Bizkaia), Gure Kai (Deba, Gipuzkoa), San Lorentzoko Danzanteen Kofradia (Iruñea, Nafarroa) eta Luzaideko Bolantak (Luzaide, Nafarroa). Jaialdiaren ardatza, urtero bezala, talde bakoitzak bere herriarekin lotutako dantzak eta tradizioak plazaratzea izango da.
Emanaldi nagusia irailaren 19an, larunbatean, izango da, 19:00etan, Bizkotxalde parkean. Euria eginez gero, Social Antzokian egingo da eta sarrera doakoa izango da. Gonbidatutako taldeek kalejira egingo dute aurretik, 18:00etan, Social Antzokitik Bizkotxaldera.
Asteburuko egitarauan beste hainbat ekitaldi ere izango dira. Ostiralean haurrentzako tailerrak, txorizo dastaketa sagardoarekin, erromeria herrikoia eta Basauri Kantari izango dira. Igandean, berriz, Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek emango dute emanaldia.
Euskal Herriko LIV. Dantza Agerketa
Irailak 18, ostirala
-
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak eta marrazkiak margotzea, zapiak jartzea eta birziklatutako objektuekin tresnak egitea.
-
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin, Solobarriako karpan.
-
19:00 Erromeria herrikoia Solobarriako karpan.
-
20:30 Basauri Kantari, Solobarria plazatik.
Irailak 19, larunbata
-
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik Bizkotxaldera.
-
19:00 Euskal Herriko LIV. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria eginez gero, Social Antzokian.
Irailak 20, igandea
-
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria eginez gero, Social Antzokian.
Dantzan