Zarautz: San Pelaio 2018 Oilasko biltzea

2018/07/10

San Pelaio biharamunean ezpata-dantzaren doinuan dantza bitxi bezain dibertigarria egiten dute Zarauzko Iñurritza auzoko gazteek. Goizaldeko 6:00etan elkartu eta gosaldu ondoren, bi taldeetan Iñurritzako baserrietara abiatu dira. Batzuk propio esnatu dira dantzarako, beste batzuk ohea ez dute ukitu ere egin; etxera bidean oilasko-biltzaileekin topo egin eta azken momentuan animatu denik ere bada. Koloretako alkandorak eta lastozko txapelak soinean ekin diote jardunari. Badira lehenengo aldiz dantzatu dutenak ere, ideia handirik gabe, albokoari begiratu eta pare bat azalpenekin hirugarren baserrirako itxuroso ari dira dantzan; horrela ikasten omen dute denek dantza, egunean bertan. 11:00ak alderako baserrietako ibilbidea bukatuta, hamaiketakoa egin dute eta herriko kaleetan dantzan jarraitu dute eguerdira arte. Irudiak: Eire Vila. San Pelaio, oilasko-biltzea, Zarautz, 2018-06-27.

Itsatsi bideo hau zure webgunean
Deskargatu
Xabier Etxabe
Xabier Etxabe
2018/07/10 12:38
Ohar bat besterik ez: oilasko-biltzea ez da San Pelaio egunez egiten (ekainaren 26a), San Pelaio bigarrenean baizik (ekainaren 27an). San Pelaio egunekoa, soka-dantza izaten da.
Dantzan
Dantzan
2018/07/10 13:07
Eskerrik asko Xabier abisuagatik, despistea izan dugu. Aldatu dugu.