Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

nafarroa-beherea etiketa duten bideoak

Lasa: Kontra-dantzak 1950

Aurreko batean Lasan 1950ean egindako dantza-jauzi ederrez gozatzeko aukera izan bagenuen, ez da gutxiago orain ikusteko aukera duguna. Kontra-dantzak, Lasako plazan, 1950ean. Erabat ez-ohikoak dira irudi hauek. Ez dugu era honetako irudien konstantziarik. Ez dugu ezagutzen hain filme zaharrik kontra-dantzak plazan, festetan, kabalkada eta emanaldietatik kanpo, erromeria giroan eta disfrutatzen dantzatzen erakusten dituenik. Tarteka irudiak ez dira ongi ikusten, baina antzamen daiteke fandango, oinbiko edo pasodoble, kontra-dantza eta balsak dantzatzen dituztela herritarrek.

Jakinekoa da XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran ohikoak zirela kontra-dantzak plazetan. Horren aztarnak egonkortuta, ikuskizun eran ezagutu ditugu zenbait dantzetan, Luzaideko kontra-dantzetan adibidez, kontra-dantza izena bera gordez, beste hainbatetan, izena eta izana nahiko diluituta. Dantzatu direla bagenekien, dantza-maisuek, musikariek, kontra-dantzetako figurak ahoz esan eta herritarrek, olgetan, dantzatzen zituztela jakina zen. Baina ikusi, aspaldi ez da horrelakorik ikusten euskal plazetan, eta filmetan ere ez dugu orain arte askorik ikusteko aukera izan.

Xabier Itzainak berriz ere irudiok balioan jartzeko gakoak eskaini dizkigu: "Kontrajantzak: batzu  ezagunak dira (“Garaziko kadrillak” bezala ezagutzen ditugu), bainan bertze figura berezi batzu badira – adibidez errondan jartzen direlarik– gehiago ikusten ez direnak, ene ustez hasteko. Merexi luke bariante horien biltzea, ez da behar bada berantegi".

Musikari begirada erne du beti Itzainak eta hauxe gehitu digu irudietan ageri diren  musikariei buruz: "Soinulariak: nago akordeoi joilea ez ote den Beñat Irigoien “Galtxetaburu”. 1934an sortu zen, beraz hogoi bat urte zituzken. Saxofoi joilea ez dakit nor den, bainan hain segur “Garaziko musika” (Piarresteguy orkestra edo “Ramuntxo” orkestra) famatuari lotua. Eta ze pena soinurik ez beita!". Bai, horixe da irudi zaharrekin behin eta berriz sortzen zaigu pena. Musika ezin entzutea. Soinuaren falta zer nolako hutsune handia den!

Aurkikuntza zoragarria da beraz honako hau. Aurrekoan argitaratutako dantza-jauzien irudien sortarekin batera zeuden hauek, eta beraz, haien jatorri bera dute. Luzien Aragon-ek filmatu zituen irudiok Lasan, 1950ean. Bere seme Beñat Aragon-ek digitalizatu ditu eta Maria Agnes Gorostiaga, Irulegi irratiko esatariak jarri ditu dantzan.eus-en eskutan. Esker mila deneri!

Lasa, kontra-dantzak plazan, Luzien Aragon, 1950.

Dokumentuaren akzioak