Dokumentuaren akzioak
iholdi etiketa duten bideoak
Verdiere 06 Iholdi 1965 dantza-jauziak
Verdierek duela mende erdi Iholdin grabaturiko irudiak ditugu honakoak. Ustez urte eta sail berekoak izan arren koloretan ikus ditzakegun irudi bakarrrak dira. Iholdiko pilotalekuko plazan ari dira borobil handi batean dantzan gazte zein hedadetu, emakume zein gizonezko. Inguruan begira ere jende ugari ageri da eta jai egunen bat dela ematen du.
Gaur egun ikus daitekeenaren aldean dantzakeraren aniztasuna zaigu agian deigarriena: pausatuago ala biziago, urrats luzean ala txikiagoan, apainduraz jantzia ala soilago (apaindura puntuala eta neurtua, bere balioa eta dizdira areagotuz)...
Zenbait pasartetan (00:15, 01:00 eta 02:28) aurretik argitaratutako bideoetan —Verdiere 02 Iholdi 1965 Bordarrampe: dantza-jauzien urratsak eta Verdiere 03 Amikuze 1965 Bordarrampe: dantza-jauziak— ikusi izan dugun Jean Bordarrampe dantza-maisua beraren dantzakera biziaz goza dezakegu. Baina, izenik ez dakigun arren, bada Verdieri atentzio ematen dion beste dantzari deigarririk bideoan zehar: (00:48) txapeldun gizonezkoaren erdizka lauetan saltaria, (01:35) elastiko gorriaz urratsak bueltan eta oina altsatuaz apaintzen dituen gizonezkoa, edo (02:28) Bordarramperen ondoan bueltako jo eta hiru loratua egiten duen alkandora zuriduna kasu.
Lehengo zatian (00:14-02:15) Mutxikoak dantzatzen dihardutelakoan gaude. Honako zati hauek (beltzez) identifikatu ahal izan ditugu (Sagasetak zonalde horretan jasotako hiztegiari jarraiki) irudi mozketen jarraipenari kasu eginez:
- Aitzina X2
- Erdizka-jo-erdizka eta hiru X2
- Erdizka-jo eta hiru-erdizka X2
- Erdizka lauetan
- Jo-erdizka-jo-erdizka
- Ezker-erdizka
- Luze eta pika X4
- Pika-erdizka X4
- Pika-ezker-pika-erdizka X2
- Erdizka-jo-erdizka eta hiru X2
- Erdizka lauetan
- Jo-erdizka-jo-erdizka
- Erdizka-jo-erdizka
- Erdizka lauetan
- Jo-erdizka-jo-erdizka
- Erdizka lauetan
- Jo eta hiru-erdizka-jo zabla-erdizka X2
- Erdizka lauetan
- Jo-jo eta hiru-erdizka-jo eta hiru-erdizka-jo
Atzetik (02:26) beste jauzi batzuetako irudi mozketak ikus daitezke, bukaerako antrexatak barne (02:52). Azkenengo zatian berriz (02:54-03:52) gerritik behera gertuagotik grabaturiko irudiak ditugu eta inguruko erreferentziarik gabe identifikatzeko ere zail diren urrats desberdinak ikus ditzakegu.
Bideo honetako irudiak Michel Verdierek 1965ean Amikuzen (Bithirina eta Iholdi) grabaturiko sorta bati dagozkio. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.
Irudiak: Michel Verdiere. Dantza-jauziak, Iholdi,1965.
Dokumentuaren akzioak