Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

etxahun-koblakaria etiketa duten bideoak

Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala

Irudi hauek Zuberoako Barkoxe herrian filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1962an. Agorrilaren 5 eta 12an eman zuten bertan herriko seme izandako Pierre Topet Etxahun Barkoxeren omenezko pastorala eta filmeak egun horietako baten irudiak erakusten dizkigu. 

00:23 Hasteko, herria aurkezten digute irudiek eta berehala Pastoraleko desfilea ikus dezakegu. Esan genezake egungo pastoraletan baino arrandia handiagoa duela karrika-inguruak. Kabalkada ere dei geniezaioke, izan ere, arizaleak zaldi gainean edo karrosetan doaz, artzainak salbu. Musikariak gurdi gainean datoz hasteko eta banderariak zaldi gainean, Zuberoko eta Frantziako banderak astintzen (euskal ikurriña ere ikusiko dugu gero).

Sujeta (Pierre Xerberok jokatu zuen Pierre Topet Etxahunen errola) eta bere emaztea (Gracie Pellento, Raymond Epherrek jokatua) ere zaldi gainean ikus ditzakegu. Ondotik, soldaduak, herriko Meraren papera jokatzen duena (Pierre Etxebarne) eta jaka gorriz beztituak diren bestelako arizaleak. Artzainak datoz gero, ardi saldoarekin, oinez. Satanak idiek tiratutako  gurdi apaindu batean. Apaiza, artzapezpikua eta aingeruak zaldiz tiratutako beste batean… Karrika nagusitik herriko plazara heltzen ari da desfilea herritarren begiradapean. 

01:53 Eszenatokira heltzen ari da taldea. Musikariak batetik eta errejenta (Germain Lexardoi) bestetik. Arizaleak datoz atzerik, banderariak, suitzarra, eta gainontzeko jokalariak. Urdinak alde batera doaz eta gorriak bestera. 

02:05 Jelkaldi batean Etxahun eta bere emazteagaia ageri dira. Emakumezko errola jokatzen duenak ez du makilik eskuan. 

02:19 Satanak dantzan. Pastoral honetan Luis Ibar Estekahandi, Jean Pierre Uthürri, Dominika Lagune eta Alexis Artzanuthurri aritu ziren satan. Honako honetan, Jean Pierre Uthürri (Barkoxe, 1928) eta Alexis Artzanuthürri (Barkoxe, 1923) ageri dira dantzan. Haien dantza-maisuek, Alexis Pikotxet (1891) eta Pierre Uthürri-k (1892) izendatu zituzten pastoral honetan satanen rolak egiteko, nahiz eta 34 eta 39 urte zituzten garai hartan, gazteagoak ziren dantzari batzuk baino trebeagoak omen zirela eta.

Nahiz eta filmazioak ez dituen dantzen parte guztiak agertarazten satan-dantza bikoitza dantzatzen agertzen dira hemen, erran nahi baitu AA/BB formako estruktura musikala segituz antolatuak diren bi puntu segida dantzatzen dutela. 

Aurrera eta atzera doan puntuaren lehen partea ez da osorik ikusten baina bere errepikapena bai. 

  • Pas Francais - Zeina
  • Zankogibel - Frijat bakuna


Aldeetaruntz berriz honakoa egiten dute:

  • Antrexat - tombé (x4)


Bigarrengo puntua ez da osorik ikusten. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu Barkoxen ohitura handia izan duen kokot urratsa egiten dutela, eszena aitzin-aitzinean.

02:50 Pastoraleko beste zenbait jelkaldietako sarrerak eta jokoak ikusten ahal ditugu. Bigarren eta hirugarren jelkaldietako irudiak ageri dira. Etxahun Barkoxeren arimaren heriotzarena, besteak beste, bere neska-lagun Mariaren maitasunari uko egin behar dionean. 

3:46 Laugarren jelkaldia Santa Grazin gertatzen da eta artzainak agertzen dira eszena gainean irudi harrigarria utziz. Artzainetako bat eskalanpoinak oinetan dantzan hasten da.

  • …biga, beste biga, ebats.
  • sinple (4etan) — Fouetté brisé eginez dantzatzen du

Irudian moztura bat dago une batez. Plano berrian dantzan jarraitzen du artzainak:

  • …sinple — Fouetté brisé eginez
  • pika, sinple, pika, hiru antrixat


4:15 Pastoraleko jelkaldi gehiago ikus ditzakegu ondotik, zazpigarren eta zortzigarrenaren irudiak hain zuzen ere. Historio bitxia da bi jelkadli hauetakoa. Emazteak Etxahun tronpatu du beste gizon batekin. Etxahunek, apaizarena eginez, bere emaztea konfesatzen du. 

4:36 Sataneriaren beste agertze bat. Kasu honetan Jean Luis estekahandi “Lulu Ibar” iruditu zaigu dantzaria. Oraingoan ere AA/BB formako estruktura musikala segituz, Pas Francais, zeina, antrixat eta eskuinera zein ezkerrera egindako brisé urratsez osatutako puntua egiten du. 

4:57an Laugarren satana agertzen da, zeinatzez eta antrixatez osatutako puntuak josten. Frijat doble bat ere egiten du amaitzeko, kamarak planoa galdu aitzin. 

05:08 Pastoraleko 11 eta 12. jelkaldietako irudiak ikus ditzakegu ondotik. 12. jelkaldi horren baitan berriz ere sataneria agertzen da eszena gainera (5:33) Berriz ere Jean Pierre Uthurri eta Alexis Artzanuthurri ditugu dantzari. Satan puntuko aitzinerunzko urratsak erakusten dizkigu filmak: Kokoten aurrerako urratsa, Pas Francais, Zeina, Antrixat, Fouetté brisé… 10 segunduko eskaseko filme zatia da. 

05:44 Publiko zabalaren planoak eta pastoral-jokoen irudi gehiago ikus ditzakegu segidan. 

06:19 Azken sataneria baten puntuak. Satan doblea egiten dute oraingoan ere. Lehenengoa moztua agertzen zaigu:

  • …Zeina, Kokot, Frijat doblea
  • Aldeetaruntz: Antrixat brisé (x4)


Bigarren satana honela hasten da:

  • Aurreruntz: Pas Francaise, antrixat. Antrixatekin itzuliz, Frijat bakuna (x2)
  • Aldeetaruntz: Tombé, brissé, antrixat bakuna 


Baina berehala planoa mozten da eta azken puntu bat ematen ageri da dantzaria. Zankogibel eta bi Frijat doble tokian, amaitzeko. 

6:58 Pastoraleko 20. jelkaldiko irudiekin —artzainak artaldearekin oholtza gainera igotzen direnekoarekin— amaitzen da filmaketa. 

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur Fundazioa
 

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976 

Dokumentuaren akzioak