Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza

2019/07/08 13:25

Lesakan ezpata-dantzari taldea neska-mutilek osatu dute aurten lehenengo aldiz. San Fermin egunez, Lesakan ezpata-dantzariak dira protagonistak. Aurtengoa berezia izan da, historia egin dute Lesakako ezpata-dantzariek, genero bazterketarik gabeko taldea osatuta irten baitira dantzara. Duela hiru bat urte ezpata-dantzarien entseguetan parte hartzeko nahia agertu zuten neska batzuek eta mutilak hasi ohi diren moduan San Fermin  eguneko dantzak prestatzen hasi ziren. Aurten egokitu zaie aukera dantzara ateratzeko San Fermin egunean.

Ezpata-dantzako hiru protagonista bereziren testigantzak jasotzeko aukera izan dugu: Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea eta musikaria batetik, Unai Gurrutxaga, ezpata-dantzarien aitzineskua bestetik, eta ezpata-dantzan estreinatu den Leire Pastor dantzaria. Leire Pastor ezpata-dantzariak azaldu digu urduri zirela bezperan, baina dantzan hasi direnean alde batera utzi dituztela nerbioak. San Fermin eguna lesakar batentzat berezia dela dio eta ezpata-dantzari bezala arituta zer esanik ez. Ladis Satrustegirentzat ere berezia izan da oso aurtengo San Fermin eguna, txistulari taldeko atabalaria da, baina baita herriko alkatea ere ekainaz geroztik. Hori horrela, musikari zereginak alde batera utzi gabe atabalarekin aritu da goizean goiz eta arratsaldean eta eguerdiko protokoloan udal ordezkari gisa atera da prozesioan. Unai Gurrutxaga aitzineskuak taldea koordinatu eta zuzen eramatea dela bere lana azaldu digu. Ardura handiko postua da, baina aldi berean, berezia eta polita, gozatzea izaten da bere helburua.

Goizeko 8:00etako arrankadarekin hasi eta goiz osoa dantzan aritzen dira, elizara joan-etorriak egin eta kalerik kale makil-gurutzeak eginez. Plaza Zaharrean eta Ziobiko plazan zeharkakoak dantzatu eta zubigainekoa dantzatzen dute; azkenik, Plaza Zaharreko azken zeharkakoarekin amaitzen dute goizeko saioa. Arratsaldean, berriz, zantzo-monona, esku-dantza, jota eta arin-arina dantzatzen dituzte.

Irudiak: Eire Vila eta Oier Araolaza. San Fermin, Lesaka, 2019-07-07.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.