Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lasarte-Oria 1982 sorgin-dantza

Dokumentuaren akzioak

Lasarte-Oria 1982 sorgin-dantza

2018/06/12 09:15

Ikerfolk elkarteak 1982an Lasarte-Oriako sorgin-dantzari buruz grabatu zituren irudiak jaso ditugu bideo honetan. Sorgin-dantza indartzeko hainbat ahalegin egin dira; bata 1948an, bestea handik 40 urtera, 1982an. Bigarren horretakoak dira bideoan ikusgai ditugun irudiak.

Lasarte-Orian dantzatzen den sorgin-dantzak jatorria Bergaran duela esan ohi da. Oriako baserrigunean Irundako Gaien eta Kotoizko Ehunen Lantegia sortu zen 1848an. Lantegira Bergara eta inguruetatik langileak iristen hasi ziren. Aisialdian dantzan aritzen ziren askotan, egun Lasarte-Oriako sorgin-dantza izenez ezagutzen dugunari itxura eta edukia orduan eman zioten. Errito berria 1880tik 1890era bitartean egokitu zela kalkulatzen da. Ordutik egun esanguratsuetan dantzatu ohi zuten, jaietan, omenaldietan... 1948an Oriako Irunen eta Ehunen Lantegia sortu zeneko mendeurrenean Jose Manuel Bruneti esker dantzarien jantziak berritu ziren eta sorgin-dantza erabat berpizteko eta gordetzeko ahaleginean hasi ziren. Dantza taldearen hurrengo konpromiso handia 1951ko abuztuan izanen zen, Donostiako zezen-plazan antolatutako Euskal Jaien bueltan. Horrela, indarra hartu zuen dantzak eta hainbat emanaldi egin zituzten, baina Andoingo eta Lasarteko jaietan dantzatu ondoren 31 urteko etenaldia etorri zen. 1982ko apirilaren 25ean, Ibargi dantza taldearen hamargarren urteurren ospakizunean Felix Telleriak berriro osatu zuen sorgin-dantzako taldea. Jai hartan parte hartu zuten (ikusle gisa bazen ere) aurreko garaietan sorgin-dantzarekin lotura izan zuten hainbat pertsonek, bestek beste, Agustin Usabiaga, Jose Aldaz, Rafael Gaztañaga, Emilio Iriarte, Ramon Goiaran, Sinforiano Idigoras eta Frantzisko Juantorena. Herritarren artean zirrara handia sortu zuen sorgin-dantzaren itzulerak eta urte horretan beste zenbait emanaldi egin zituzten. 1993an, herriko San Pedro jaien barruan, sorgin jaia antolatu zen eta gazteek sorgin-dantzari eusteko ardura hartu zuten. 1994an Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak Kultur Elkartea sortu zen; sorgin-dantza berpizteko, indartzeko eta betikotzeko helburuarekin.

Sorgin-dantzan bi ilaratan irteten dira dantzariak, alde batean intxixuak joaten dira, zuriz jantzita eta kapela koniko luzeekin. Bestean, gona gorriekin eta txirikordekin mozorrotutako gizonak; denen buru joan ohi da banderarekin buruzagia. Lehenengo zatian boastitzea dantzatzen dute, ondoren musu, salto eta besarkadak oinarri dituen jokoa egiten dute eta fandangoarekin eta arin-arinarekin amaitzen dute dantza.

Juan Antonio Urbeltzek sorgin-dantzak kondairazko oinarria duela sumatzen du. Dantzak inauterietako bi mozorroen arteko liskarra iradokitzen du. Mozorro bat emakumezkoarena da eta beste mozorroa txapela konikoa daramana, Europako inauterietako hartz-mozorroetan oso erabilia. Kondaira hori misterioa da, baina neskatxa batek hartz batekin dituen ibilera erotikoak azaltzen diren ipuinak ugariak dira eta kontakizun horietakoren bat egon daiteke Lasarte-Oriako sorgin-dantzaren oinarrian.

Informazioa: Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak Kultur Elkarteak argitaratutako Oriako sorgin-dantza liburua. Irudiak: Ikerfolk. Lasarte-Oria, sorgin-dantza, 1982-04-25.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

2018/06/12 11:13
Niri txapela konikoak sanbenitoa dakarkit gogora: https://es.wikipedia.org/wiki/Sambenito
2018/06/12 11:46
Ttuntturroak, kapela konikoak, txano puntadunak, kapiroteak... Euskal folklorean hainbat testuingurutan ageri dira Lasarte-Oria eta Antzuolako sorgin-dantzaz gain, bai. Joaldunen ttuntturroak (https://dantzan.eus/[…]/2234888924), Arizkungo sagar-dantzariak ( https://dantzan.eus/[…]/2010-02-16_Arizkun-Sagar-Dantza-5475-700p.jpg), Eskoriatzeko Kukumarroa, Lantz-eko txatxoak eta miel otxin bera, Lapurdiko kotilun-gorriak, e.a.

Euskarazko wikipedian orain egun gutxi egin zuen honen harira Kapirotea sarrera ( https://eu.wikipedia.org/wiki/Kapirote ) Luistxo Fernandez-ek ( https://twitter.com/luistxo/status/1004706346120474624 ).

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.