Izaba: Santiago 2026 Bandera-dantza eta ttun-ttuna
Santiago egunean ospatzen du Izabak festetako, "xeietako" egun nagusia, eta, urtero bezala, bandera-dantza eta ttun-ttuna dantzatu dituzte. Kurruskla Kultur Elkarteak antolatzen eta sustatzen du ekitaldia. Bailarako janzkera tradizionala soinean, meza ondoren abiatu dute dantza-saioa:
00:15 Udaletxe aurrean bandera-dantza egin du Julio Beretensek
01:43 Ttun-ttunak dantzatu dituzte. Izabako ttun-ttuna egin dute lehenik. Bikoteka, ingurutxo moldean antolatuta, Ttun-ttuneroen doinura dantzatu dute, bai eta kantatu ere:
Ttun-ttun la Juana
ttun-ttun la Inés
ttun-ttun Genaro
ttun-ttun los tres.
Ttun-ttun la flauta
ttun-ttun tambor
ttun-ttun la gaita
de Nicanor.
02:35 Izabako ttun-ttunaren bigarren zatian zapiak ematen diote elkarri bikoteek eta zapia eskuz aldatuz dantzatzen dute harakoan eta honakoan.
03:24 Izabako ingurutxoaren azken partean, bikoteak, zapiarekin elkar lotuta, ingurutxu formazioan, aitzinerat dantzatzen hasten dira, eta zapiak osatzen duten zubipetik pasatzen hasten dira azkendariak. Ingurutxoetan ohikoa den figura, zubipetik pasatzekoa egiten dute beraz, baina gibeletik hasita eta taldeari atzetik aurrerako itzulia eginez zubipetik pasa ahala. Dantzan mugituz eta zubipetik pasaz iritsi dira udaletxeko arkuperaino.
04:53 Udaletxeko arkupeetatik abiatu dira berriz ttun-ttun dantzariak, dantzan, Uztarrozeko ttun-ttuna egiteko oraingoan. Uztarrozeko ttun-ttunean bikoteak zapiarekin lotuta dantzatzen dira, bat atzeraka eta bikotea aurreraka doazela eta tarteka buruz gainetik zapia pasata itzulia eginez. Musikaren deiak iragartzen duen itzulia eginez hara-honakoak dantzatzen dituzte dantzariak, alde batera eta bestera, itzuliarekin borobilduz esaldiak. Hiruko konpasean aurreratzeko erabiltzen den ingurutxo dantza eta hara-honakoa, biak baliatzen dituzte beste behin, eta horien ondotik azken ingurutxo urratsarekin itzuli dira berriz arkupeetara.
9:53 Aurreko bi ttun-ttun horiek, Izabako eta Uztarrozekoa janzkera tradizionala daramaten dantzariek egin dituzte, eta ondoren plazan bildutako guztiei irekitzen zaie dantzara batzeko aukera eta nahi duten guztiek dantzatuko dezakete Izabako ttun-ttuna.
Erronkari bailarako ttun-ttunen inguruko xehetasunak azaldu zizkigun 2024an Idoia Lahidalgak.
Irudiak: Oier Araolaza. Bandera-dantza eta ttun-ttuna, Izaba, 2026-07-25.
Dantzan