Guilcher 25 Lekaroz 1965 Mutil-dantzak
Mutil-dantzariak Lekarozko (Baztan - Nafarroa Garaia) 1965eko festetan dantzan. Filme hau, 1965eko abuztuaren 24ean, San Bartolome egunez, grabatua izan zen ziur aski, Lekarozko festetako egun handian. Irudietan, ongi prestatutako mutil-dantzari taldea agertzen zaigu, hainbat mutil-dantza emanez.
00:23 Lekarozko plaza ageri da, hasteko, festetarako apaindua. Plazaren buruan Plaxa etxea —egun eraitsia—, eta bere azpian, ezpelez atonduriko eszenatoki moduko bat. Musikariak hara igotzen ziren dantzaldia animatzeko. Herriko gazteek (Danbolin-nagusien ardura izaten zen, zenbait laguntzailerekin) muntatzen eta apaintzen zuten eszena. Oronoztik ekartzen zuten ezpel hura. Eszenatokiak agerian uzten digu, beraz, festetan hartutako irudiak direla, eta seguraski, esan bezala, festetako egun handian.
Plaxa etxearen ezkerretan Elizaldea ageri zaigu, eta honen ezkerretan, oraindik, Indartea, iturriaren ondoan (gaur egun Hiru Itturri ostatua dagoen etxea da hau). Plaxa-ren eskuinetan, Iruin etxea. Biak zutik dira egun. Berehala kamara eskuinera biratzen da eta irudiaren eskuin-eskuinean Etxenikea etxea ageri zaigu, ilunago. Etxeen detaile batzuk ageri dira ondotik.
00:56 Lau Danbolin-nagusiak plazara itzulia eginez, eta plaza agurtzen agertzen dira ondotik. Aunitz urtez egiten ari dira, plazako bazterretan eserita dauden herritarrak —tartean poxpolin dantzari gaztetxoak ere— bonetekin agurtuz. Plazaren erdian Maurizio Elizalde txistularia (1915-1992, Martintoneko borda, Arizkun) eta Felix Iriarte atabalaria (1919-2004, Artzea, Arizkun), soinuan. Danbolin-nagusiak ere identifikatu ahal izan ditugu, eta iladan duten ordenaren arabera hauek dira: Juan Angel Goñi (Iturraldea), Bautista Goñi (Etxeberria), Julian Goñi (Etxegaraia), eta Luis Mari Iturriria (Ortiborroa).
01:10 Bonetak batzuek besteenen gainean ipiniz, Aunitz urtez-en ohiko erritua egiten ageri dira Danbolin-nagusiak, batzuk besteei ‘aunitz urtez’ desiatuz eta besteek ‘bertze hainbertzez’ erantzunez.
01:11 Hiru puntukoa dantzatzen hasten dira jarraian lau Danbolin-nagusiak, boneta berriz ere buruan. Planoak moztu egiten dira eta oso laburrak dira. Plazari buelta oso bat eman eta, gainontzeko mutil-dantzariak sartzen dira dantzari sokara, beti ere Danbolin-nagusien tokia errespetatuz —bi Danbolin-nagusi aurrean eta beste bi atzean—.
02:22 Mutil-dantzarietako batzuk ere identifikatu ahal izan ditugu: 3) Julian Maizterrena (Martingoa), 4) Pello Meoki (Lartxea), 5) Florentino Elizegi (Beheitikoxarrea), 8) Pakito Elizalde (Inda) eta 9) Martin Jose Iturriria (Ortiborroa). Dantzari gazteak dira, oro har.
Mutil-dantzari taldeak txukuntasun handia ageri du, bai janzkeran, baita dantzakeran ere. Segur aski, grabazioaz jakitun, taldea aurretik trebatu izanen zen, eta ez gutxi. Trebatzailea Mariano Izeta izanen zen, 02:14 minutuan seigarren tokian dantzan ageri dena eta emaztea lekaroztarra zuena (Gabriela Goñi - Etxegaraia). Taldearen homogeneotasuna hausten duen gertaera irringarria ikus dezakegu momentu horretan berean (02:37). Azken mutil-dantzari adineko bat batzen zaio dantzari, dantzakera libreagokoa duena eta azken tokian kokatzen dena, berez, Danbolin-nagusiari dagokion tokian. Aurrerago kokatzera gonbidatzen dute (02:41). 17 dantzarik osatzen dute mutil-dantza momentu horretan.
Mutil-dantzarien dantzakeran azpimarragarria da, esaterako, Ezker batekin puntua markatzean, itxiera borobilaren barnekaldera nola egiten duten, itzulia gehiegi luzatu gabe.
03:14 Xoxoarena dantzatzen ageri dira geroxeago. Irudiotan, Danbolin-nagusien postuak ez dira horren nabarmenak edo behintzat ez dute txapelik janzten.
03:37 Xoxoarena puntukako mutil-dantzetako bat da. Honek esan nahi dut urrats segidaren baitan, momentu jakin batzuetan, puntuak markatzen direla. Erranaldi bakoitzean puntu horiek gehitzen doaz. Irudietan lau puntuko pasartea markatzen dute:
-
Erdie piketue, lau puntu (G), erdie piketue, lau puntu (A) (X2)
-
Aintzinet pasa (bg), ezker, lau puntu (G), gibelat pasa, eskuin, lau puntu
04:06 Ondotik, bost puntuko aldaera ere egiten ageri dira, eta ondoko plano batzuetan, baita beheranzko erranaldiak ere.
05:28 Añarxume dantzatzen ageri dira. Hau da mutil-dantzaren segida:
-
Ebatsi, osua bixi, ebatsi, puntu (1, 2, 3, 4, 5, 4, 3, 2, 1) (x2)
-
Ebatsi, osua bixi, ebatsi
-
Aintzinet pasa, ezker batekin (9. bueltan ezker hirurekin), gibelat pasa, eskuin batekin, puntu (1, 2, 3, 4, 5, 4, 3, 2, 1)
6:57 Azkenik Xerribegi-ren igoera dantzatzen ageri dira. Soma daiteke dantzari guztiek ez zituztela festen aitzinetik mutil-dantza guztiak prestatu, gero eta dantzari gutxiago ari baita batetik bestera, eta gainera, hasierako txukuntasun eta homogeneotasuna pixka bat galdua baitu taldeak.
Irudiok Hélène eta Jean-Michel Guilcher 1962 eta 1976 artean Ipar Euskal Herrian, Baztanen eta Biarnon egindako ikerketaren parte dira. Aritz Ibañezek egin ditu filmaketa honen azterketa eta erredakzio lanak, ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Patxi Larralde Elizalde (Etxeberria, Arizkun), Mari Carmen, Mari Paz eta Ana Mari Goñi Agirre ahizpak (Elizaldea, Lekaroz) eta Txarito Iturriria Goñi (Ortiborroa).
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
- Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
- Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
- Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak
- Guilcher 15 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra pastorala
- Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
- Guilcher 17 Iruri 1966 Comte de Treville pastorala
- Guilcher 18 Iholdi 1972 Besta Berri
- Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
- Guilcher 20 Heleta c.1972 Besta Berri
- Guilcher 21 Lekorne 1972 Besta Berri
- Guilcher 22 Lekorne 1972 Zazpi jauziak
- Guilcher 23 Donamartiri 1972 Besta Berri
- Guilcher 24 Luzaide 1965 Santiago eguna: Bolanteen dantzak
- Guilcher 25 Lekaroz 1965 Mutil-dantzak
Dantzan
