Guilcher 24 Luzaide 1965 Santiago eguna: Bolanteen dantzak
Santiago egunaren inguruan ospatzen dituzte Luzaideko festak eta 1965eko uztailaren 25ean Luzaiden hartutako irudiotan bolante talde bat agertzen da, festa egun horren aitzakian dantzan.
00:23 Dantzarien aurretik, baina, festarako apaindutako herriko karrikak eta musikariak aurkeztu dizkigu kameralariak. Luzaideko Elizaldea karrikan den pilota plazako bazter batean eserita ageri da kobre boskotea. Hauxe da egitura: 2 saxo, tronpeta, soinua eta atabala. Lizarrako Alaska orkestrako musikariak dira Crisanto Usua buru (banku erdialdean den saxofoi-jolea). Ez dirudi, ordea, dantzariendako musikan ari direnik. Seguraski, festak alaitzera helduak dira.
00:30: Pilota plazaren plano zabalagoa agertzen da. Elizaldea karrikaren parte bat ageri da eta frontoiaren errebotean jarritako harmailak ere, denak jendez mukuru beteak. Karrikako ikusleak zerbaiten zain daudela dirudi. Berehala argituko da gure zalantza, makilaria, gorriak eta bolantak agertuko direnean karrikan behera, martxa dantzatzen. Makilariak kemenez biratzen du makila. Garaztarra omen da makilaria, garai hartan Luzaiden ez baitzen makilaririk. Bere gibeletik datoz bi gorriak: Mauricio Herrera (Pramuño etxea) eta Pedro Jesus Etxeberri (Putila etxea), Luzaideko bandera eta ezpata eskuetan harturik daramatzatela. Haien ondotik, hiruna bolanteko bi lerro, antrexataka eta itzulika. Denak identifikatu ahal izan ez ditugun arren, hauek ezagutu dituzte gure informatzaileek: Patxi Arrikaberri (Argina etxea), Erramun Auzki (Madaritx), Patxi Barrenetxe (Mikelao), Pedro Mari Hualde (Bordda)?, Geronimo Lopez (Inocente). Bi lerroen erdian Teodoro Etxeberri (Putila etxea) soinujole luzaidarra (Pedro Jesusen anaia). Miguel Angel Sagasetaren arabera, askotan lagundu izan zituen bolantak, eta 50 urtez dantza-jauzien ezinbesteko laguntzaile izan zen.
00:54 Plano laburrago batek bolant-dantzako urratsak xehetasunez erakusten dizkigu. Gorriak doaz aitzinetik, bolantak gibeletik. Kontrapasen ondotik, Sagasetak gibelka deritzon urratsa egiten dute, manera sinplean, gorputzaren ardatzetik kanpora ateratzen duten zangoak zoruan pikatzerik egin gabe, alegia.
01:18 Dantzarietako batzuk —gaztexeenak?—, bolant-dantzako antrexatak kolpe bakarrarekin egiten dituzte, beste batzuek aldiz, birekin.
01:36 Bolantak eta gorriak Antrexatak dantzatzen agertzen dira, pilota plaza eta karrikaren mugan —irudia zeharkatzen duten garaiko autoek salatzen duten bezala—. Irudiaren goiko eta eskuineko iskinean, makilariak makilari eraginez laguntzen du dantza. Dantzakera bizia erakusten dute dantzariek, baina norberaren estiloari ere bidea emanez. Horren adibide, bigarren bolantak azken saltoan egiten duen aixtur edo zango irekitze txikia.
01:46 Makilaria ageri zaigu pilota-plaza erdian Makilariarena dantzatzen, atzean bolantak so dituen bitartean. Makila zinta zuri eta koloredunez apainduta dago, eta puntetan kolore berdinetako lihazkiz edertua da. Irudi luke, makilak ez duela biraketan lagunduko duen kontrapisurik puntetako batean.
02:39 Beste kamera batek hartutako irudiak dira oraingoak. Planoa zabalagoa da eta irudiak koloretan ageri zaizkigu. Bolant-dantza dantzatzen agertzen dira makilaria, gorriak eta bolantak. Haien gibeletik, oinez, eskuetan uztai apainduak daramatzaten poxpolinen taldea ikusten ahal dugu. Alaska orkestrako musikariak ikus ditzakegu planoan. Ez dirudi jotzen ari direnik, beraz, dantzariak Teodoro Etxeberri soinulariak lagunduta ari direla ondoriozta dezakegu.
02:58 Sorginak dantzatzen ageri dira dantzariak. Bi lerrotan kokatuak dira, denak karrika-aldera begira. Dantza hau, Euskaldunak-ekin batera, Faustin Bentaberriren moldaketa dela gogoratuko dugu (1927 urte inguruan atondu zituen). 1929an Bartzelonako Nazioarteko erakusketan dantzan izan ziren luzaidar dantzariak eta kronikek diotenez, han Sorgin-dantza dantzatu zuten. Bidaia hartatik bueltan, igandeko dantzaldia geldituta, herrian dantzatu zituzten eta ordutik dantza biziki estimatuak izan dira Luzaiden.
03:27 Dantza-jauziak dantzatzen agertzen dira bolant zein gorriak. Bitartean, makilariak, makila dantzatzen du borobilaren erditik. Luzaiden ohi dutenez, antrexataka dantzatzen dituzte dantza-jauziak. Lehen gertatu bezala, dantzarietako batzuk kolpe bakarreko antrexatak egiten dituzte, beste batzuek berriz, bi kolpekoak. Sekuentzia labur eta moztuetan grabatua da dantza-jauzia eta horrek zaildu egiten du bere identifikazioa. Urrats aldaera batzuk ikusita —zote, erdizka, dobla, erdizka / erdizka, dobla, erdizka (x2) erdizka lauetan— Muxikoak izan daitekeela iruditu zaigu.
Irudiok Hélène eta Jean-Michel Guilcher 1962 eta 1976 artean Ipar Euskal Herrian, Biarnon eta Baztanen egindako ikerketaren parte dira. Aritz Ibañezek egin ditu filmaketa honen azterketa eta erredakzio lanak, ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Santi Garriz (Luzaide) eta Peio Kamino (Luzaide).
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
- Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
- Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
- Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak
- Guilcher 15 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra pastorala
- Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
- Guilcher 17 Iruri 1966 Comte de Treville pastorala
- Guilcher 18 Iholdi 1972 Besta Berri
- Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
- Guilcher 20 Heleta c.1972 Besta Berri
- Guilcher 21 Lekorne 1972 Besta Berri
- Guilcher 22 Lekorne 1972 Zazpi jauziak
- Guilcher 23 Donamartiri 1972 Besta Berri
- Guilcher 24 Luzaide 1965 Santiago eguna: Bolanteen dantzak
Dantzan
