Guilcher 20 Heleta c.1972 Besta Berri
Guilchertarrek Euskal Herriko dantzen ikerketan egindako filmaketen artean da honako hau, Heletako (Nafarroa Beherea) Besta Berriko ospakizunen xehetasunak erakusten dizkiguna kolorezko irudietan. Irudiak laguntzen dituen dokumentazioan ez da datarik ageri eta 1972 inguruan izan daitekeela jarri dugu urte horretan aritu zirelako Besta Berriren beste filmaketak aintzat hartuta.
00:25 Beztituen segizioa agertzen da irudiotan, Heletako karrika zabal batetik hurbiltzen. Zapurrek zabaltzen dute jarraigoa, musikariak datoz gero, eta haien ondotik oilarrak, kapitaina, banderariak, aldare-aitzinekoak, soldadoak eta kaporalak. Oinez datoz, musikaren doinura. Horrek salatzen digu plazatik elizarako bidean direla, ospakizunaren lehen partean, beraz.
00:33 Jarraigoa Heletako plazara sartzen ikusten dugu orain. Oraingoan taldea bere osotasunean ikus dezakegu eta kasu honetan banderaria doa aurretik, euskal ikurriña eskuetan helduz. Zuriz jantzita doa, gorbataz, paparrean gurutzatutako bandaz eta buruan txapelaz apaindua. Bere gibeletik, bi lerrotan, gainontzeko beztituak datoz.
00:47 Irudi hauetan zehaztasun handiagoarekin ikusten ahal ditugu segizio osatzen dutenak:
- Oilarrek (2) berde koloreko jaka eta kaska apainduak daramatzate eta eskuetan oilar formako irudi batek koroatutako xingoladun makila.
- Zapurrak (4) ohiko kaska eta jaka beltzez jantzita, mandarra dute aitzinaldean eta aizkora daramate sorbaldan pausatua.
- Makilariak jaka beltza darama eta kaska gorria. Makilari eraginez aitzinatzen da.
- Kobre bandan tronpetan, klarineteak, tronboiak, bonbardino, atabal eta dunbalak ikusi ditzakegu.
- Kapitaina eta ofizierrak datoz haien gibeletik, galtza zuri eta jaka eta kapel ilunez atonduak.
- Haien aldean suitzarra, bere bikornio bereziarekin.
- Beste 2 banderarik apaingarri erligiosoak dituen frantses banderak daramatzate gerrian pausatuak. Segizio aitzinekoa ez bezala, gorriz jantzita doaz hauek.
- Alabardariek (2) jaka gorria eta apaindutako txapela zuriak daramatzate soinean eta xingolez edertutako alabardak eskuetan.
- Gendarmeak (2), soldadoak (20 bat), eta haietan tartekaturik kaporalak (2) datoz gero. Azken hauek mutiko gazteak izaten dira, festa honen transmisio funtzioa argi utziz. Jaka granatea eta txapela zuria daramate hauek.
- Bi lerroen tarteko pasabidean sarjenta ikus dezakegu gorriz jantzita eta fusila sorbaldan (soldadoek bezala).
- Taldea jaka eta txapela gorriz jantzitako bi mutiko gaztek ixten dute. Orotara, 50 bat lagunek osatzen dute taldea.
01:10 Herriaren kurritzearen irudi gehiago ikus ditzakegu jarraian. Heletako plazara heltzen ari da taldea. Plazari itzulia ematen diote beste behin ere. Izan ere, herria goitik eta behera zeharkatzen du jarraigoak.
Xabier Itzainak azaltzen duenez: “Goizean guarda karriketan ibiltzen da, eta badoa agintarien bila mezarat joateko (jaun erretorea eta herriko gizonak). Elizarat heldu eta, guardia eliz atarian gelditzen da, apezaren seinalearen zain. Hau sakristiatik ateratzen delarik, Suisak hiru ukaldi jotzen ditu bere hallebarde-arekin, eta guarda sartzen da dantzan aldareraino. (...) Mezaren bururatzean prozesioa egiten da kanpoan, itzuli bat eginez, elizarat berriz jin arte. Zapur, oilar eta makilaria dantzan ari dira prozesioan sakramendu sainduaren inguruan”. ("Eliza, herri kultura eta politika. Besta Berri ipar Euskal Herrian". Uztaro 20. 1997)
01:47 Irudi hauetan elizan sartzea erakusten zaigu. Hilerritik egiten dute sarrera dantzariek, Kaxkarot martxa dantzatuz. Oilarrak doaz aitzinetik, zapurrak gero. Oilarrek kontrapaseko urrats luzea zolutik labainduz egiten dute. Zapurrek, nor bere lerroko kanpoko zangoarekin abiatzen dute urratsa. Lehenbizi kontrapasa egiten dute eta gero itzuliak. Itzuli horiek modu ezberdinetan apaintzen ditu dantzari bakoitzak, lau urratsetan kontradenboretan zoluan pikatuz, zortzi urrats motxetan, azken biak pikatuz…
02:05 Makilaria dator gero, atzera begiratuz aitzinatzen dena, makila itzultzen duen bitartean. Honek ere Kaxkarot martxaren aldaera egiten du, kontrapasak eta pikatzeak tartekatuz, atzean datozen musikariei begiratuz. Berez, hori izanen baitzen, hastapenean, makilariaren lana, musikariak gidatu edo zuzentzea.
02:16 Musikariak agertzen dira lehen planoan. Haien gibeletik Kapitaina, ofizierra eta suitzarra, oinez. Urrunean, banderariak eta alabardariak ikus ditzakegu Kaxkarot martxarekin aitzinatzen, oilarrak edo zapurrak nola. Soldadoak (4) oinez aurreratzen dira. Jarraigoaren ondotik, jadanik kalez jantzitako herritarrak ikusten ditugu.
Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur Fundazioa
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
- Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
- Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
- Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak
- Guilcher 15 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra pastorala
- Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
- Guilcher 17 Iruri 1966 Comte de Treville pastorala
- Guilcher 18 Iholdi 1972 Besta Berri
- Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
- Guilcher 20 Heleta c.1972 Besta Berri
