Dokumentuaren akzioak
Fest-noz: Bretainiako dantzaldiak
Bretainiako Fest-noz dantzaldiei materiarik gabeko ondare izendapena emateko prozesuan dihardute, eta helburu horrekin egin dute honako bideo hau Yves Defrance-ren zuzendaritzapean. Fest-noz dantzaldien historia eta balioak aztertzen dira Patxi Monterok helarazi digun bideo honetan. Hona bideoak berak zer dioen: "Europaren mendebaldeko mutur batean kokatua, Bretainia errejio maritimo, nekazaria, turistikoa, merkataria eta industriala da. Hizkuntzek, bretoinera eta galoak, kulturak eta historiak nortasun sendoa eskaintzen diote. Gaur egun, garai bateko jarduera ekonomikoak markatu zituen elkartasun eta abegikortasun espiritua antzematen dugu Fest-noz jardueran. Fest-noz festa Bretainiako dantza tradizionalen praktika kolektiboan oinarritutako eta kantu edo musika instrumentalek sostengatzen duten bilkura da. Nekazari gizarte tradizionalean, bilkura hauek bizitza kolektiboaren une desberdinetan gertatzen ziren: ezteietan dantzatzen zen, ferietan, erromesaldietan, baina baita lanaren ondoren baserrietan ere. XX. mendean, gizarte tradizional batetik gizarte moderno eta industrial batera pasatzerakoan, arriskuan jarri ziren adierazpen horiek, eta haiekin, horietan zeuden musika eta keinu errepertorioak. Fest-noz forma berri bat, herri dantzan oinarritua sortuko da orduan. Fest-noz moderno hau ez da pribatua izango, publikoa baizik. Kultura alorreko militanteak, Loeiz Ropars kantariak adibidez, belaunaldi arteko bilkurak antolatzen hasi ziren. 1954ko abenduaren 26an, Bretainiako bihotzean, Poullaouen herrian, abiatu zen Fest-noz berritua. Herri kantari eta musikari bretoiek arrakasta handia izan zuten. Fest-noz-etan tradizioaren eramaleak biltzeko ideia zabaltzen joan zen Bretainiako erdigunetik errejio osora. Horri esker, zenbait praktika musikal mantentzea lortu zen, hizkuntza bretoi zeltikoan aritzen diren "kan ha" kantariena edo antzinako musika tresnen jotzaileena adibidez, eta batez ere, identitate bretoiaren ezaugarri den biniou-bombard bikotearena. Fest-noz eta Fest-deiz -egunez egiten den dantzaldia-, musikari bretoi guztientzat soinu berriak probatzeko laborategi bihurtu ziren, eta baita noski musika egiteko toki ere. Fest-noz dantza tradizional bizien benetako gordailua da baita ere. Ehun dantza bretoi inguru ezagutzen dira eta horiek ere hainbat aldaera desberdin dituzte. Fest-noz-i esker, dantza hauek giza energia berriztagarri eta atsegingarri batekin gozatu eta transmititzen dira. Fest-noz festa da baita ere, elkarbizitza, belaunaldi eta gizarteko geruza desberdinen arteko bilkura. Fest-noz umore onean elkarrekin izateko unea da. Bizi eta biltzeko tokia da". Errealizatzailea: Yves Defrance. Errealizazio laguntzailea: Franck Beyer. Koprodukzioa: Dastum & Les Films de l'Autre Côté. 2012ko urtarrila. Youtube, Stefan Julou, 2012-11-30.
Dokumentuaren akzioak