Dokumentuaren akzioak
Ezkoze 1991 Jauzien topaketa
1991an Ezkozeko (Agaramont) Lo Larèr elkarteak jauziak berreskuratzeko egin zuen topaketako zenbait irudi ditugu bideo honetakoak. "Sauts biarnes de l'arribèra" CD-ko musika grabatua oinarri dutela, dantza-jauzi beraren errepikapen, ahalegin eta aldaera desberdinak jasotzen dira frantsesez idatzitako zenbait azalpen tarteko direla.
Motchico eta Dus
00:00 Lehenengo minutuetan Lo Motchico (Mutxikoak) dantza-jauzia dantzatzen ageri dira Orioneko Loustaunau-Larrue anaiak (euren aitarengandik jaso bezala) eta, lehen planoan (kamaratik gertuen) Ezkozeko Alexis Lavielle (Amikuzeko Ilharreko Arnaud Berouet-engandik ikasia 1934an). Urratsak agintzen emakume bat ageri da, borobiletik kanpo. Oriondarren eta Alexis Lavielleren dantzatzeko segida ezberdinen barianteak ikus daitezke, batez ere, Lapurdi eta Nafarroa Beherean "luze eta pika" edo "lau urrats", edo Zuberoan "aitzina biga" eman ohi den pasartetik aurrera. Behin puntu honetara iritsita halako batean badirudi jarraitu beharreko segidaren inguruan zalantzak daudela eta nahasmena sortzen da. Haietako batzuek urratsak ozen ematen hasten dira dantza bideratzeko ahaleginetan, baina azkenean ere urrats emalea galdu eta isildu egiten da eta dantza eteten da.
02:04 Bigarren irudi zati honetan beste emakume bat ageri da urrats emale, oraingoan borobilean dantzan, eta urratsak argiago entzuten dira. Bada alderik urrats emalearen eta dantzari beteranoen arteko dantzakeran, eta baita era beran hauen artean dauden segida ohitura ezberdinetan ere. 03:20 segundutik aurrera urrats emaleak "Sauts biarnes de l'arribèra" CDko liburuxkan datorren segida markatzen du (dantzarako darabilten doinua jasotzen duen CDa hain zuzen ere):
- Doble dus - simple pas volat tres (x2)
- Tres pas et dus - simple pas volat tres (x2)
Baina oriondarrek beste segida hau dantzatzen dute:
- Doble dus - simple copat (x2) (erdizka - pika - erdizka itxi gabe - zote)
- Tres pas et dus - simple copat (x2) (luze eta pika -erdizka itxi gabe - dobla)
Eta Alexis Laviellek berriz, Amikuzetik ikasitakoa dantzatzen du:
- Pika eta erdizka (x4)
- Pika eta ezker - pika eta erdizka (x2)
Aurrerago (05:16), urrats emaleak liburuxkan jasota datorren segida hau markatzen du:
- Copar tres - doble, simple (x2) (zote eta hiru - erdizka - dobla - erdizka)
Baina oriondarrek ozen euren aldaera:
- Copar tres - doble trucar - simple (x2) (zote eta hiru, erdizka, jo, itzulia kanpora ―bi pultsutan― erdizka)
Eta Alexis Laviellek berriz "dobla eta jo" (aldi berean).
06:10 Hirugarren Motchico bat ere badago irudiotan, oraingoan bi taldetan antolatuta, urrats segidetan ezberdintasunak nabarmentzeko. Borobil handian Orioneko dantzariak eta Alexis Lavielle ezkozetarra, eta hiruko borobil txikian Bastidaxarreko Milhet senar-emazteak (urrats emalearekin batera). Irudien gainean irakur daitezkeen azalpenen arabera, azken hauek Saint Dos-eko urrats segida jarraitzen dute, Amikuzekoaren berdintsua alegia. Izan ere, Ezkoze, Saint Dos eta Bastidaxarre Nafarroa Behereko mugatik gertu daude, eta Orion, aldiz, Bearno barneralderago.
Hauxe oriondarrek borobil handian dantzatzen duten urrats segida:
- Abans
- Doble - simple tres (x2)
- Doble tres - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple - copar tres
- Tres pas et dus (x4)
- Doble dus - simple copat* (x2)
- Tres pas et dus - simple copat* (x2)
- Doble - simple tres (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple
- Doble - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple
- Quatre simple
- Copar tres - doble trucar** - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - copar tres - doble tres - simple - copar
- Sautar
(*) Simple copat: simple ez dute ixten hemen. Bearnoko ohiko agindua pasarte honetan "simple pas volat tres" (erdizka, ebats hiru) izan ohi da, honakoan ere "simple" itxi gabe.
(**) Doble trucar: berez "copar" dagokio pasarte horretan (lau pultsu). Hemen eten egiten dute mugimendua Nafarroa Beherean "jo" markatu ohi duten hiru txaloak emateko (bi pultsu) eta ondoren kanpora itzulia ematen dute pasartea osatzeko (beste bi pultsu).
Borobil txikian, Bastidaxarreko Milhet senar-emazteek (emakume urrats-emaleak ez) ondorengo urrats segida. Nabarmendu behar da Alexis Laviellek ere urrats segida hauxe dantzatzen duela borobil handian, markatutako urratsei jaramonik egin gabe. Borobil txikian beharko zukeen Lavielle, Milhet-tarrekin batera.
- Abans
- Sinple - virar - virar - simple tres (x2)
- Sinple - virar - virar tres - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple - virar - simple
- Tres pas et dus (x4)
- Dus, simple (x4)
- Dus, virar - dus, simple (x2)
- Simple - virar - virar - simple tres (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple
- Simple - virar - virar - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - simple - copar - simple
- Quatre simple
- Copar tres - doble trucar* - simple (x2)
- Quatre simple
- Copar - copar tres - doble tres - simple - copar
- Sautar
(*) simple, jo, "zeina" moduko batekin osatzen dute bi pultsuko hutsunea. Esaldi honen errepikan berriz ez dute berdin egiten: zote eta hiru bai, baina jarraian zote berriz, aurreko erdizkaren lekuan... eta ondoren kamerak lurrera begiratzen du.
10:19 eta 11:25 Jarraian, guztiak borobil bakarrean Hegi ematen dute (bitan eman ere), Motchico-ren ohiko segida dutena irudietan irakur daitekeenari jarraiki. Pena, Milhet-tarrak ez ditu garbi hartu kamerak (irudiko ezker aldean). Bi aldietan, amaierako zatian, ematen du beste segida bat ohikoa dutela Milhet-tarrek edo, eta bietan 'galduta' geratu dira.
- Dus - pas volat (x4)
- Dus et dus - pas volat (x4)
- Quatre simple
- Copar - doble - simple (x2)
- Copar - sautar.
Argibideak:
Lekuaren araberako urrats beraren ―dantzaerak dantzaera― izendatzeko moduen oinarrizko zerrenda bat honako hau izan liteke:
Bearno (B) / Zuberoa (Z) / Lapurdi - Nafarroa Beherea (L-NB)
- Simple (B) = Sinple (Z) = Erdizka (L-NB)
- Quatre simple (B) = Sinple lauetan (Z) = Erdizka lauetan (L-NB)
- Copar (B) = Pika (Z) = Zote / dobla / jauzi (L-NB)
- Dus (B) = Biga (Z) = Pika (L-NB)
- Pas volat (B) = Ebats (Z, L-BN)
- Virar (berdin batera edo bestera) (B) = Ezker / eskuin (Z, L-NB)
- ... tres (B) = … eta hiru (Z, L-NB)
- Trucar (B) = Jo (Z, L-NB)
- Mercar (B) = Zeina (Z, L-NB) (bideo honetan ez da ageri)
- Sautar (B) = Jauzi (salto, amaitzeko)
Eta urratsen arteko zenbait konbinaketa edo segida berezi izendatzeko moduena berriz beste zerrenda hau:
- Doble (Simple + Copar) (B) = Sinple + pika (Z) = Erdizka + Dobla (L-NB)
- Doble dus (Simple + Dus) (B) = Sinple + Biga (Z) = Erdizka + pika (L-NB)
- Doble tres (Simple + Copar tres) (B) = Sinple + Phika eta hiru (Z) = Erdizka + Dobla eta hiru (L-NB)
- Abans edo “Corrent en davant” (B) = Aitzina pika (Z) = Aitzina edo Anaban (L-NB)
- Tres pas et dus (B) = Aitzina biga (Z) = Luze eta pika (L-NB)
- Simple pas volat tres (B) = Beste biga eta ebats hiru (Z) = Luze, ebats eta hiru (L-NB)
Irudiak: Ezkozeko Lo Larèr elkartea 1991. Dantzariak: Orioneko Loustaunau-Larrue anaiak, Ezkozeko Alexis Lavielle, Bastidaxarreko Milhet senar-emazteak. Musika: "Sauts biarnes de l'arribèra" CDtik (Argitaletxea Menestrèrs gascons)
Iturria: https://taicousi64.wordpress.com/saut-escos-orion-labastide-vche/ Jauzien ohitura berreskuratzeko topaketa, Ezkoze, 1991.
Etiketak
- berreskurapena
- 1991
- agaramonte
- irudi-zaharrak
- tokian-tokikoa
- jauziak
- frantzia
- ezkoze
- tradizionala
- bearno
- xxmendea
- topaketak
Dokumentuaren akzioak