Andoain: San Joan 1977 Axeri-dantza
Andoaingo Lizar-Makil dantzari taldeak aurreko urtetan egindako lanaren ondorioz Adunan eta Andoainen (Gipuzkoa) dantzatzen zen dantza hau berreskuratu ahal izan zen. 1975. urtean Adunan egin zen estreinakoz eta 1976. urtean Andoainen. Goiko plazan kokatua dago, ohi den moduan, eta dantzaren lehen garai edo aldiari dagokio, Lizar-Makil taldeko dantzariek bakarrik dantzatzen zutenean1.
Bertan ikusten da dantzari eta txistularien iristea plazara, dantza bere zati nagusienekin: Paseoa, Aitarena, Zortzikoa, Orratzakoa, Txingoa edo Ilentia, Korrika, Biribilketa eta Soka-dantza. Ez dago jasota Perra Jartzea eta Borroka edo Torrea.
Urte honetan buruzagi moduan Bittor Alfonsok egin zuen, urte luzez buruzagi izan zen Juantxo Arregiren ordez.
00:06 Eliz-dorreko ordulariak 12:00ak markatzen ditu, Angelusaren ordua, dantza hasteko momentua. Orduan entzuten da lehen paseoaren deia, baina, kasu honetan, muntatzaileak lizentzia hartu du, irudi hau filmaren hasieran kokatzeko.
00:12 Dantzariak, txistulariekin, hamaiketakoa hartu ondoren Goiko plazara bidean doaz. Blusa gorriz, pañelua buruan eta belaun azpiraino lotutako abarkaz jantziak, arropari buruz egingo zen lehen bertsioan.
00:26 Lehen urteetan dantzaren aurkezpen labur bat egiten zen, berreskuraketaren nondik norakoak azalduz. udaletxeko balkoitik Martin Huitzi agertzen zaigu platikan.
00:32 Urte horretan bertan legalizatuko zen ikurrina Udaletxeko balkoian eskegia.
00:35 Goiko plazaren ikuspegi orokor bat ikus daiteke: Elizondo etxea taberna eta burdindegiarekin, Pastortarren etxea eta frontoi zaharraren irudiak azaldu aurretik agertokira doa kamera, txistulariak sartzen ari direla.
00:51 Dantzariak plazan sartzen dira lehen Paseoari ekiteko. Paseoak lotzen ditu dantzaren zati ezberdinak.
01:16 Aitarenaren zati laburra
01:21 Zortzikoa edo Axeri-dantza, doinu ezaguna dantzatu ondoren gerrikoa pasatzen zaio ondorengoari eta harek korrika jarraitzen dio lehenari bere lekura itzuli arte. Arreta jartzen bada ohartuko gara zortzikoa egiteko modua (lauarinetan eta lasterka jirakotan esaterako) ez dela, esan dezagun, ohikoa. Modu hau Joseba Agirreri ikasitakoa izan zen, aurrerago Soka-dantzan dantzatuko diren Desafioa eta Erreberentzia bezala.
04:11 Dantzaren zenbait aldairetan bi lerrotik bakar batera pasa behar zenez dantzaren lehen garai honetan airean buelta emanez egitea erabaki zen. Hemen ikus daiteke jira honen bilakaera.
04:19 Orratzakoa, aurrekoaren sorbaldetan eskuak, zangoak irekiaz eta itxiaz azpitik pasatzen da atzeko dantzaria.
04:31 Azpiko dantzaria trantzetik igaro ondoren, lerroko lehen dantzariak laguntzen dio altxatzen ondoren bere lekura korrika joateko buruzagia atzetik segika duela.
04:56 Txingoa, lerro batean oin baten gainean saltoka, txingoka, ziraunaren itxura eginez plazan eboluzionatzen du taldeak. Oraindik, gerora buruzagiak maneiatuko zuen ilentia ez zen sartu.
05:19 Azken paseoaren ondoren, plazaren atzetik Korrika doaz Udaletxe alderaino.
Perra Jartzearen eta Borroka edo Torrearen zatiak ez daude jasota.
05:30 Biribilketa Soka-dantza hasi aurretik
05.43 Soka-Dantzaren Desafioa, Agirrek erakutsitakoan oinarritua.
06:10 Aurreskuaren eta Atzeskuaren arteko Desafioa. Ikus lasterka bikoitzak egiteko modua.
07:38 Zerbitzarien lan gogorra bikoteen bila.
07:52 Erreberentzia, Agirrek erakutsitakoan oinarritua.
08:52 Xabier Esnal txistularia, Barriolatarren Urigain etxearen lehen planoa ikusi aurretik.
Irudien azterketa eta testuen erredakzioa: Iñaki Arregi (Lizar-Makil dantzari taldeko dantzari ohia) eta egun horretako dantzan parte hartu zuena.
Grabaketa hau justu Andoainen dantza egin zen bigarren urteari dagokio, Jose Luis Urdanpilletak egina eta Iñigo Atorrasagasti, bertan parte hartzen duen dantzariaren bitartez iritsi zaiguna.
Iñaki Arregi