Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Azken dantza maisua' dokumentala grabatzen ari dira

Dokumentuaren akzioak

'Azken dantza maisua' dokumentala grabatzen ari dira

'Azken dantza maisua' dokumentala grabatzen ari dira

Azken dantza maisua dokumentala, Bira produkzioak.

Orain urtebete zendu zen Xabier Sarriegi Pasatxo (1958-2021) dantza-maisu goierritarraren figura dago Mikel Alvarez Sarriegiren zuzendaritzapean grabatzen ari diren Azken dantza maisua dokumentalaren abiapuntuan. Tokian-tokiko dantzen transmisioaz arduratu diren dantza maisuen ereduaren bukaera irudikatu dezakeena aurrera begiratzeko baliatu nahi dute egileek, eta aipatutako transmisioaz gainera egungo dantza jardunean presente diren beste gai batzuk, hala nola kirola, dantza eta generoa aztertzeko ere. 

Aurtzaka dantza taldetik iritsi zitzaion proposamena Mikel Alvarezi eta Bira produkzio etxeari: “Mikel Sarriegi osaba etorri zitzaidan eta azaldu zidan pentsatzen ari zirela dokumental bat egin zitekeela dantza maisuaren figura azaltzeko Pasatxo aitzakia hartuta”. Alvarezek ez zuen bi aldiz pentsatu, Pasatxo ere osaba baitzuen eta txikitatik ikusi ditu etxean dantza maisuak, aitona, osaba, izeba, lehengusuak. “Niretzako zerbait pertsonala ere bada historia hau. Asko pentsatu gabe sartu ginen, baina lankidetza ederrean gabiltza. Hasieran ez genekien ze dimentsio hartuko zuen eta egia esan bolumen polita hartu du”.

Azken dantza maisua dokumentala
Azken dantza maisua dokumentala, Bira produkzioak.

Iraganetik etorkizunera

Testigantzak jasotzeaz aparte lanari beste narratiba bat eman nahi ziotela azaldu digu, “aritu ginen hari ezberdinak bilatzen historia nola kontatu ikusteko. Erabaki genuen Pasatxoren semean pertsonifikatuko genuela katearen amaierako pisua”.

Alde batetik, ikuspegi historikoa jaso dute; Beasaingo festetan egiten diren San Martingo prozesioaren eta astearteko dantza-sokaren historia kontatuko da. Horrekin batera dantza maisuaren figura ezagutzera eman eta balioan jarri nahi dute. Eta bestetik, azken urteetan Beasainen ikusi dute tradizioa zerbait moldagarria dela eta hala izan behar duela bizirik jarraitu dezan; Beasaingo kasuan izaten ari den bilakaera erakutsi nahi dute.

Azken dantza maisua dokumentala
Azken dantza maisua dokumentala, Bira produkzioak.

Hamalau elkarrizketaturen azalpenak, oroitzapenak, sentipenak jaso dituzte. Hainbat ikuspegi biltzen saiatu direla dio Alvarezek, “oso barneko jendea elkarrizketatu dugu eta baita kanpoko adituak ere, gai bakoitzaren inguruan distantzia batetik iritzia emateko gai direnak”.

Futbola, dantza eta generoa

Elkarrizketak egiten ari direla konturatu dira zenbait gaik garrantzia berezia dutela eta behin eta berriz errepikatu direla, eta, orduan, horiei heltzea ere erabaki dute. “Oso garbi ikusi dugu mutil dantzarientzako esklusiboak ziren leku horietan neskak sartzen hasi direla, baina orain dantzak baduela feminizazio aura moduko bat, mutilak desagertu egiten dira 13-14 urterekin”. Pasatxoren semeak ere antzeko bidea egin zuela kontatu digu Alvarezek, orain berriro dantzara hurbildu bada ere, 13 urterekin dantza utzi eta futbolean zentratu zela. Orduan iruditu zitzaien bazegoela nondik tira. Garbi ikusi dute generoari lotutako kontuak kezka eta zalantzak sortzen dizkiela dantzan dabilen jendeari, eta hori ere txertatuko du lanean.

Azken dantza maisua dokumentala
Azken dantza maisua dokumentala, Bira produkzioak.

Aste honetan egingo dituzte azken grabaketak eta datozen egunetan hasiko dira edizio lanekin. Aurreko urtean martxan jarritako proiektua da, iazko festetan dokumentalerako irudiak hartu zituzten eta helburua da Beasaingo festen bueltan aurkeztea, ekaineko lehenengo astean.

Dokumentuaren akzioak