Dokumentuaren akzioak
Albisteak
XXV Folklore Jardunaldiak
Hogeita bost urte beteko dira aurten Ortzadar Elkarteak Folklore Jardunaldiak abian jarri zituenetik. Ordutik urtero helarazi dugu hau bezalako zirkularra. Esan dezakegu Jardunaldiek, beren ibilibide luze honetan, Folklorearen ikaskuntzan eta dibulgazioan gertatu diren aldaketen lekuko aparta izan direla. Bai folklore bera, bai ikertzaileak eta folklorea ikasketagai duten disziplinak birkokatu behar izan dira gizarte-esparruan. Honek eragin nabarmena izan du Jardunaldien antolaketan eta bilakaeran.
Euskal Herriko Dantza Agerketa 2009, Basaurin
Urtero ohikoa izaten den moduan, aurten ere Euskal Herriko tokian-tokiko dantzen agerketa eginen dute Basaurin irailaren 18, 19 eta 20an. Markinako Zerutxuk, Gasteizko Indarrak, Lasarte-Oriako Erketz-ek, Faltzes-eko Makaiak, Luzaideko Bolantek eta Barkoxeko Etxahun taldeek hartuko dute parte 2009ko agerraldian.
Reno-ko Zenbat Gara-ren urteurrenean parte hartu du Argiak
Argia dantzari taldearen ordezkaritza bat Renon izan da uztailean Zenbat Gara taldearen 20 urteurreneko ospakizunetan eta bertan ospatu den Euskal Etxeen biltzarrean parte hartzen. Zenbat Gara taldeak prestatutako ekitaldi hunkigarri batean taldearen ibilbidearen zenbait mugarri bideo baten bidez azaldu eta dantzatuz ikuskizun berezia eskaini zuten.
Kukai dantza konpainiak dantzari gazteak formatzeko ikastaro bat jarriko du martxan
Kukai Dantza Konpainiak 17 eta 21 urte arteko gazteei zuzendutako formazio kurtso bat antolatu du. Kurtsoa urria eta ekaina bitartean izango da, astean egun bateko maiztasunarekin.
Euskal Herriko dantzari eguna, irailaren 12an, Atarrabian
Irailaren 12an eginen dute 2009ko Euskal Herriko dantzari eguna, Atarrabian. Euskal Dantzarien Biltzarraren Nafarroako ordezkaritzak hartu du aurten antolaketaren ardura eta larunbat horretako ekitaldiaz gain, aurreko aste osorako jarduerak antolatu dituzte: erakusketak, hitzaldiak, artisautza azoka...
Eraiki Dantza Taldea Mazedonian
Abuztuaren 26tik daude Irungo Eraiki dantza taldeko gaztetxoak Mazedonia aldean. Abuztuaren 30erarte egonen dira Ohrid herrian ospatzen den II. Ohrid Sun jaialdian parte hartzen. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Lapurdiko hainbat dantza erakutsiko dituzte bertan.
Oteiza eta dantza, NUPen udako ikastaroetan
Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere udako ikastaroen baitan honako ikastaroa antolatu du Iruñean: Oteiza hizkuntza artistikoak: Dantza eta poesia. Abuztuaren 28an izanen da, ostirala. Iturramako Civivox-ean eginen dute eta hitzaldiz eta dantzaldiz egonen da osaturik ikastaroa. Miguel Sanchez Ostiz idazlea, Mireia Gabilondo aktorea, Jon Maya dantzaria eta Kukai dantza konpainia izanen dira partaideak.
Hormen arteko oihartzunak, Hondarribian
Heldu den ostiralean, abuztuak 28, emanen dute Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan "Hormen arteko oihartzunak" musika eta dantza ikuskizuna. Gorka Alda eta Mikel Aristegi izan dira sortzaileak eta Zesta Punta jokoan oinarritutako ikuskizuna da. Ekainean dantzariak bilatzeko deialdia egin zuten zuzendariek eta hauek izanen dira parte hartuko duten dantzariak: Eneko Alcaraz, Eneko Balerdi, Aiert Beobide eta Jorge Lastra.
Dantza sustatzeko diru-laguntzen 2009ko deialdia
Dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko Agindua argitaratu du Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak abuztu bete-betean. 365.000 euro banatuko dira aurten (iaz baino 131.000 euro gehiago ) koreografia sorkuntza, dantza-lanen ekoizpena, konpainien sendotzea, bira artistikoak eta formakuntza eta zabalkunderako.
Alurr Elvalle, Ibarra, Amezketa eta Ordizian ariko da
Alurr Dantza Taldea abuztuaren 16an Elvalle herrian (Arabako Errioxa), abuztuaren 23an Ibarran (Gipuzkoa), abuztuaren 24an Amezketan (Gipuzkoa) eta irailaren 4an Ordizian (Gipuzkoa) ariko da.
Dokumentuaren akzioak