Dokumentuaren akzioak
Yauzkari konpainiaren dokumentu-funtsa jaso du Eresbilek
Yauzkari dantza taldearen koreografia, bideo eta programa batzuen argazkiak jaso ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Yauzkari Jose Lainez eta Concha Martinez donostiarrek 1980an sortutako dantza garaikideko konpainia izan zen, egoitza Iruñean zuena. Dantza garaikideko konpainia erreferenteetakoa izan zen eta Nafarroako talde profesional bakarra; 1992an bukatu zuen ibilbidea taldeak.
1979an Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioko zuzendari kargua hartu zuten Lainezek eta Martinezek eta han sortu zuten Yauzkari taldea. Europan zehar ibili ziren eta hainbat sari eta errekonozimendu eskuratu zituzten oholtzaratu zituzten lan probokatzaile, harrigarri eta konprometituekin.
Dantza ibilbide oparoa eta berritzailea
Yauzkari konpainia sortu aurretik, Donostiako bi dantzariak sorterria utzi eta Amsterdamera joan ziren. Hango Het Nationale Balletetean dantzatu ziren bost urtez eta handik Donostiara itzultzean, 1970ean, Anexa konpainia sortu zuten. 1973an, Bartzelonako Institut del Teatron irakasle sartu ziren. Iruñean egin zituzten beren azken obrak, Piejuntoapie dantza konpainiarekin. Azken sorkuntza, 2010ean estreinatu zuten Iruñeko Gayarre Antzokian.
Informazioa: Eresbil: Yauzkari konpainiaren dokumentu-funtsa
Dokumentuaren akzioak