Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Torralba del Rioko dantzariak lehenengo aldiz herritik kanpo Euskal Herriko Dantza Agerketan

Dokumentuaren akzioak

Torralba del Rioko dantzariak lehenengo aldiz herritik kanpo Euskal Herriko Dantza Agerketan

2019/09/20 08:55
Torralba del Rioko dantzariak lehenengo aldiz herritik kanpo Euskal Herriko Dantza Agerketan

Mikel Deuna dantza taldea, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Torralba del Rioko dantzariak, Gasteizko Adurtza, Iurretako Mikel Deuna, Donostiako Goizaldi, Donibane Lohizuneko Begiraleak eta Lizarrako Larraiza dantza taldeek hartuko dute parte aurtengoan Basaurin ospatzen den Euskal Herriko Dantza Agerketan. Irailaren 20tik 22ra arteko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Gaur hasiko da jaialdia tailer eta erromeriarekin. Antolatzaileek, dantzan jakin edo ez, Solobarria plazara dantzara animatzeko deia luzatu dute.

Ekitaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, Euskal Herriko tokiko-dantzen erakustaldia, hain zuzen ere. Berrogeita zazpigarren aldiz Basauri tokian tokiko euskal dantzen erakusleiho bihurtuko da. Hastapenetan euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko asmoz hasi ziren agerketa antolatzen eta horretan jarraitzen dute ia mende erdi ondoren. Euskal Herriko sei txokotatik joandako taldeek bere dantzak aurkeztuko dituzte 19:00etan. Igandean, berriz, Basauriko dantza taldeen txanda izango da. Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek emanaldia eskainiko dute 19:00etan Bizkotxalde parkean. Emanaldiak Bizkotxalde parkean egitea zen asmoa, baina eguraldi txarra dela eta Social antzokian izango dira. 

Euskal Herriko Dantza Agerketa 2019

Tokian tokiko dantzak 

Aurtengo jaialdira Euskal Herriko sei dantzari talde gonbidatu dituzte, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Lapurditik. Torralba del Rioko dantzariak lehenengo aldiz izango dira Basaurin. Beren herritik kanpo dantzatzen duten lehenengo aldia da. San Joan jaietan Juan Loboren festan dantzatzen duten Francisco Beruetek koreografiatutako Baltsaren dantza egingo dute. Gasteizko Adurtza taldeko dantzariak Gesaltza Añanako folklorearen ordezkari izango dira. Iurretako dantzariek, berriz, San Migel egunean dantzatu ohi duten dantzari-dantza eta gorularien estanpa aurkeztuko dute. Gipuzkoako dantzak erakusteaz Donostiako Goizaldi taldea arduratuko da, agurra, ezpata-dantza eta brokel-dantza dantzatuko dituzte. Lapurdiko dantzak Basaurira eramango dituzte Donibane Lohizunetik Begiraleakeko dantzari eta musikariek. Larraiza dantza taldekoek, berriz, Lizarrako dantzak dantzatuko dituzte, esaterako, Euskal Herriko hainbat jaietan dantzatzea ohikoa bihurtu den larrain-dantza.

Larunbateko emanaldiaren programa

  • Mikel Deuna: agintariena, zortzinangoa, banangoa, ezpata-joko nagusia, makil-jokoa, txotxongilo
  • Larraiza dantza taldea: ballestas
  • Goizaldi dantza taldea: ezpata-dantza
  • Begiraleak dantza taldea: kaskarot martxa, makil-ttiki berria, makilariarena, zapatain-dantza, 1. kontradantza, 2. Kontradantza
  • Larraiza dantza taldea: korrontxo
  • Adurtza dantza taldea: Marcha Judas, San Isidro, Jota de La Perra, El pingajo
  • Torralba del Rioko dantzariak: Baltsa
  • Mikel Deuna dantza taldea: gorularien antzezpena, arku-dantza, domingilo
  • Begiraleak dantza taldea: marmutx, Betteluren fandangoa, Makeako soka-dantza
  • Goizaldi dantza taldea: boastitzea, agurra, makil-txikikiena, brokel-dantza, zinta-dantza
  • Larraiza dantza taldea: larrain-dantza

Egitaraua

Irailak 20, ostirala

  • 19:00 Tailerrak (txapak, margoketa, musika tresnak birziklatutako materialekin…) eta erromeria Solobarria plazan.

Irailak 21, larunbata

  • 18:00 Gonbidatutako dantza taldeen kalejira Social Antzokitik.
  • 19:00 XLVII. Euskal Herriko Dantza Agerketa Social Antzokian.

Irailak 22, igandea

  • 19:00 Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeen emanaldia Social Antzokian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.