Dokumentuaren akzioak
Virginia Garcia eta Damian Muñoz gasteiztarrentzat Espainiako Dantza Sari Nazionala
Damian Muñoz eta Virginia Garcia gasteiztarren La Instrusa konpainiari eman diote aurtengo sorkuntzako Espainiako Dantza Sari Nazionala. Gaur egun Bartzelonan du egoitza 1996an sortutako konpainiak, eta sariarekin batera 30.000€ jasoko dituzte. Urtero ematen ditu Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sari hauek, eta beste saria, interpretaziokoa, Ruben Olmo sevillarrak jaso du.
Saria ematean, epaimahaiak La Intrusa konpainiaren ibilbidea nabarmen du “dantza garaikidearen ikerketan lortutako bikaintasunagatik" eta "beren lanetan bereizgarriak diren fisikotasuna eta poetika eszenikoan sakontzen egindako lanagatik”. Era berean, epaimahaiak goraipatu du “obra eszenikoaren hazkuntzarako, lengoaia artistiko berriak integratzeko duten iragazkortasuna, Staff, Best of you eta Ölelés lanetan islatu den moduan”. Etxean ospatu ahal izango du La Intrusak saria, izendapenaren albistea jakin eta astebetera, urriaren 28an, Gasteizko Principal antzokian ariko baitira Best of you beren azken lana aurkezten.
La Intrusa konpainiak eszena eta ikus-entzunezko proiektuak egiten ditu nagusiki, eta dantza garaikidea uztartzen dute bestelako diziplina artistikoekin, musikarekin eta ikus-entzunezkoekin bereziki. Sorkuntza propioez gain, enkarguzko koreografiak, antzerkirako elkarlanak, eta publizitaterako lanak egiten dituzte. Nabarmentzekoa da baita nazioarteko zenbait eskola eta koreografia zentroetan egiten duten irakaskuntza-lana.
Bestalde, espainiar estatuan hainbat sari jaso dituzte azken hamarkadan. Besteak beste, Damian Muñozek gizonezko dantzari onenaren Max Saria jaso zuen 2009an Staff ikuskizunean egindako lanagatik.
Informazioa: Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa
Dokumentuaren akzioak