Dokumentuaren akzioak
Viktoria Eugenia antzokia, dantzaz betetako 100 urte
1916ko Diaghilev-en Errusiar Balletekin hasi eta 2012raino, dantza konpainia, dantzari, koreografo, jaialdi, ikuskizun eta ekitaldi ugarik idatzi dute, antzerki, musika, zine eta bestelako ikuskizunekin batera Viktoria Eugenia antzokiaren historia. Ekitaldi, historia, pasadizo eta kontu jakingarri ugari bildu dituzte Viktoria Eugenia 100 urte webgunean.
Dantzak Viktoria Eugenia antzokiaren historian izandako garrantziaren erakusgarri, Pas de Basque izeneko atala osatu dute antzokairen 100. urteurrena gogoratzeko prestatu duten webgunean, eta bertan, dantzaren XX. mendeko historia txiki bat egin daiteke Viktoria Eugenia antzokiaren begietatik ikusita.
Maurice Bejart 1972 urtean etorri zen Donostiara "XX. Mendeko Balleta"rekin. Sasoi hartan bizi bizi zegoen Donostian dantza garaikide alorrean bide aitzindaria egin zuen Anexa konpainia, eta Bejart-ek ensaiora egin zien bisita.
1967an Donostiako Zinemaldia ospatzen ari zen egunetan, Viktoria Eugenia antzokitik bertatik egindako argazkia da honako hau. The way west filma iragartzen duen kartelaren aurretik dantzari talde bat pasatzen ari da. Argia dantzari taldea da. Berrizen ikasitako dantzari-dantza egiteko prest jantzita, lerro ireki bakarrean Berrizko banderaren atzetik doazela, eta txistulariak atzetik dituztela.
Lau dantzari gazte, ibilbide luze eta oparoan abiapuntuan. Ezkerretik eskuinera Lucia Lakarra, Leticia Izuzkiza, Igor Yebra eta Marta Rodriguez. Victor Ullateren konpainiako dantzariak ziren, 1993an Donostian emanaldia egitera etorritakoak.
1998, Donostiako Nazioarteko Zine Jaialdiaren ekitaldia Viktoria Eugenian. Filmea: El Zorro. Bere hiru protagonista nagusiak eskilaren goialdean: Anthony Hopkins, Catherine Zeta-Jones eta Antonio Banderas. Aurreskua dantzantzen Edu Muruamendiaraz.
Dantzaren alorreko izen entzutetsuak ezagutu ditu Viktoria Eugeniako eszenatokiak: Cullberg-en Balleta, Carolyn Carlson, Trisha Brown, Martha Graham, Maguy Marin, Montecarloko Balletak, Nederlands Dans Theater edo Nacho Duatok zuzendutako Compañía Nacional de Danza. Ondoko irudian Alicia Amatriain Viktoria Eugeniako eszenatokian dantzan.
Era honetako hainbat eta hainbat testigantza, irudi eta ekitaldiren berri jasotzen du Viktoria Eugenia antzokiak 100 urte web-erakusketak. Ataletako batean 100 protagonistek 100 oroitzapen eskaintzen dituzte bideoan, eta dantzari dagokionez Lucia Lakarra, Juan Antonio Urbeltz, Iratxe de Arantzibia, Nacho Duato, Urtzi Aranburu edo Victor Ullateren hitzak entzun daitezke bertan.
Dokumentuaren akzioak