Dokumentuaren akzioak
Verdiniren magiazko 20 urteek Victoria Eugenia liluratu zuten
Magia une bat. Verdini dantza taldeko eta eskolako kideen, Badut clown taldearen eta laguntza taldearen poza. Victoria Eugenia Antzokia, 2013ko urtarrilaren 12an. Argazkia: Iratxe de Arantzibia.
Donostiako Victoria Eugenia antzokiak Verdini ekimenaren 20. urteurrena borobiltzeko antolatutako Zu Zeu gala jaso zuen pasa den larunbatean. Bi zati izan zituen ikuskizunak, eta gutxitasun intelektuala dutenak dantzaren bidez integratzeko proiektua bere osotasunean erakusteko helburua bete zuen. Lehen partean Verdini eskolako ikasleak izan ziren protagonista, eta aldi berean hasierak gogoratu ziren lehen lanen irudiak jasotzen zituzten bideoen bidez —Gure indarra, Bihotzetik 2 eta Ilunpetik—. Bigarren partean, Verdini Dantza Taldearen azken ikuskizunetako zatiak agertu ziren: Argira eta Dantzaria naiz. Nobedadea Mikel Laboaren Baga, biga, higa doinu ezagunarekin egindako pieza izan zen. Bukaeran, Verdini Dantza Taldea eta Eskolako kideek ekitaldirako propio sortu zen Zu Zeu koreografia bereziarekin, publikoa dantzan jarri zuen, Victoria Eugenia benetako jai bihurtuz. Jaialdiaren gidariak, beren umore adimentsuarekin, Badut taldeko clown-ak aritu ziren.
Jaialdi bukaeran, Isabel Verdini koreografoak, hunkittuta, ikusleen parte hartzearen aldeko giroa azpimarratu zuen. "Harritu eta hunkitu egiten zuen eszenatokitik pulbikoaren gertutasuna antzematea, bai emanaldi osoan zehar, eta bereziki Zu zeu koreografia txikian. Eszenatokitik publikoaren besoak koordinatuta ikusten ziren. Hunkigarria da gogoratzea". Bere aldetik, Jesus Murua, zuzendaritza laguntzaileak eta Verdiniren sortzaileetakoak, gaualdiaren garrantzia azpimarratu zuen. "Profesionalki, Verdini Dantza Taldearen ibilbideko bigarren ekitaldi garrantzitsuena da hau, 2008ko Donostiako Hiritar Merituaren Dominaren ondoren".
Verdini Dantza Taldearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu gau ahaztezin hori gurekin gozatu zuten 552 ikusleei. Baikortasun bultzada handia izan zen Victoria Eugenia hain beteta ikustea. Zu Zeu gala arrakastasua izaten lagundu duten guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, itzaletik bere laguntza ixil eta jarraitua eskaini dutenei, eta bi hamarkada hauetan bere ekarpena egin duten guztiei ere. Zu zeu gala proiektu honekin dugun konpromezua berresteko baliagarri izan da. Ilusioz, gorputz eta arima jarraituko dugu lanean luzaroan.
Nire aldetik, Verdini Dantza Taldearen komunikazio arduradun naizen aldetik, komunikabideetako lankideei beraien babesa eta hedapena eskertu nahi diet, eta Verdiniren lana eskertu nahi dut ere. Eskerrik asko denori!!!
Verdiniren bihotza eta arima. Jesu Murua, zuzendari laguntzailea, eta Isabel Verdini, koreografoa, Zu zeu Galaren arrakastaren pozarekin. Victoria Eugenia Antzokia, 2013ko urtarrilaren 12an. Argazkia: Iratxe de Arantzibia.
Dokumentuaren akzioak