Dokumentuaren akzioak
Kontrako bidetik dator txino-dantza Aretxabaletan
Aratusteak dira Aretxabaletan. Igande eguerdian koadrila eta konparsak kaleratu dira, eta bakoitza bere karroza, txaranga, mozorro eta zaratarekin sartu da kalejiran. Denak doaz norabide batean, eta justo kontrako norabidean dator dozena bat ero, dozena bat kinto txino-dantzan.
Inauteri igandean edo Aratuste domekan egiten da txino-dantza Aretxabaletan. Herritarrak mozorrotuta eta konpartsatan kalean behera datozen bitartean, plazatik irten eta kalean gora doaz txino-dantzariak, konparsen artean pasatzeko tokia aurkitzeko arazoekin, baina beraien txino-dantza egiteari utzi gabe.
Txistulariak dituzte aurretik, behin eta berriz doinu bera joz eta txino-dantza kantatuz eta dantzatuz. Aldian behin fandango eta arin-arinen bat ere bai. 12:30ak aldera abiatu dira txino-dantzariak eta ordu bete baino lehen bueltan dira plazan. Bertan egin dute azken dantza.
Badirudi gerra aurrean ere dantzatzen zela txino-dantza Aretxabaletan. Ondoren bertan behera geratu zen eta 1975. urtean berreskuratu zen ohitura. Antzuola eta Lasarte-Orian dantzatzen den sorgin-dantzaren tankera du dantzak.
Honako kanta hau abesten dute txino-dantzariek:
Txin Txin Txin Txin
Mahatsa heldu gabe dao
Txin Txin Txin Txin
Baiña helduko da
Estrofa hori birritan errepikatu eta taldea geratu egiten da sorgin-dantzan ohikoa den doinuarekin (fricasse ere deitua Frantzian) jokoak egiteko.
Txiribitu ta andrea
Juan ziren jatera
Txiribitu hasarretu
Ta bota zuen lapiku
Joko bat egin eta aurrera jarraitzen dute txin txin... Lau joko egin ohi dituzte denera, sorgin-dantzan egin ohi direnen antzekoak.
2008ko otsailaren 3an Aretxabaletan egindako txino-dantzaren irudiak ikus ditzakezue bideoan. Ondoko loturan berriz emanaldian egindako argazki sorta:
Dokumentuaren akzioak