Dokumentuaren akzioak
Tuterako alde zaharrak 'paloteao' berria estreinatuko du ekainaren 30ean
Bereziki alde zaharreko, baina orohar, Tuterako kultur-giroa aberasteko xedez, paloteao berria estreinatuko dute Erriberako hiriburuan heldu den ekainaren 30ean. Antzerki molde honen ohiko estruktura mantenduz, garai berrietara egokitu nahi izan dute eta hartara, ez da apenas egonen erlijioari aipamenik —deabrua eta aingerua desagertuko dira, beraz—. Tuterako alde zaharraren garai bateko giro baserritarra eta landa eremuko lanak gogoratzeko ahalegina egin dute proiektuaren sustatzaileek. Dantzarien jantzietan eta dantzak osatzeko erabilitako erreferentzietan antzeman ahal izanen da lotura hori. Orotara ia 40 lagun ari dira sorkuntzan auzo-lanean.
8 neska dantzari
8 dantzariz osatutako taldeak izan ohi dira makil-dantzarienak eta kasu honetan, zortzi neskez osatutako taldeak emanen ditu paloteao-ko dantzak. 5 dantza izanen dira orotara —ez dute etorkizunean gehiago izateko aukera baztertzen— eta tamaina ezberdinetako makilak erabiliko dituzte haien aldairetan. Jose Luis Balmasedak atondu ditu dantzok, Jabitxu Perez Obanos gaiteroak espreski sortutako doinuetan oinarrituz.
Deabru eta aingerurik gabe, Artzainburuak eta artzainak hartuko dute kontakizunaren ardura nagusia. Haien ondoan, bestelako pertsonaiak ere ariko dira, hala nola, Zipoteroa, Bardea, Ziertzo haizea, apaiza eta aurtengoan bereziki, Musa ibn Musa, Banu Qasi leinuko tuterar ospetsua.
Aipatutako Jose Luis Balmaseda, Jabitxu Perez de Obanos eta Fernando Leon gaiteroa dira proiektuaren bultzatzaileak. Gainera, Leon bera da testuegileetako bat Carlos Aurensanz, Inma Benitez "Minina" eta Mikel Ciordiarekin batera.
Hauek izanen dira arizaleak:
- Dantzariak: Laura Muela, Amaia Muela, Edurne Leon, Miren Balmaseda, Saioa Crespo, Irune Salcedo, Jaione Vicuña, Marta Araujo, Olaia Samanes, Laura Jimenez, Oihane Perez, Jessica Larrasoain
- Artzainburua: Julio Ruiz Carcavilla
- Artzaina: Jesus Villarroya "Espinete"
- Zipoteroa: David Jimenez Ayllon
- Bardea: Inma Benitez "Minina"
- Ziertzo haizea: Santi Muela
- Apaiza: Fernando Leon
- Musa ibn Musa: Angel Anton Agramonte
Tuterako alde zaharreko paloteao-a:
- Ekainaren 30ean
- 19:15 Karrika-ingurua San Nikolas plazatik abiatuta (Serralta, Mercadal, Boveda, Herrerias, Carnicerias, San Jaime, Rua, Kartzela zaharra eta Plaza zaharra karrikak)
- 20:00 Paloteao-a Tuterako Plaza zaharrean
Dokumentuaren akzioak