Dokumentuaren akzioak
Soka erakusketa sarean da orain eta Amerikara iritsiko da gero
Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa. Eibar, 2019-11-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
2019ko abenduaren 15ean itxi ditu ateak Soka erakusketak Eibarren izan zuen egonaldian eta horrela bost urteko ibiltaritza amaitu du. Erakusketa ezin da areto batean bisitatu orain, baina bere eduki asko sarean dira, eta beraz edukien katalogoan bisita eginez jarrai daiteke erakusketaz gozatzen. Erakusketan ikusgai eta entzungai ziren dokumentuak katalogatu ditu Euskal Kultur Erakundeak. Horietako asko interneten ikusteko aukera dago eta besteak EKEaren Uztaritzeko egoitzan kontsulta daitezke aurrez hitzordua hartuta.
Soka erakusketa fisikoarekin bukatuta beste erakusketa proiektu bat du esku artean EKEk: 2020ko udazkenean estreinatuko den Eleketa erakusketa. Ikasturte berriarekin batera 2007. urtean hasitako Eleketa ahozko memoriaren bilketa lurraldez lurralde baloratuko duen erakusketa berria martxan hasiko baita.
5 urteko ibilbidea
Marrazkiak eta argazkiak, filmeak eta bideoak, pantaila ukigarriak, testuak, panelak,.. euskal dantzaren historiari eta dimentsio sozialari buruzko 430 dokumentu izan ditu ikusgai Soka erakusketak. Jakes Larre izan da proiektuaren arduraduna eta Roger Goienetxek, Xabier Itzainak eta Oier Araolazak osatu dute batzorde zientifikikoa.
2015. urtean Biarritzen hasi zuen bidea euskal dantzaren inguruko erakusketa ibiltariak. Lau urtean hogeita bat ezarpen izan ditu eta hemeretzi herritan erakutsi da. Biarritz, Donostia, Hazparne, Donapaleu, Bilbo, Angelu, Donibane Lohizune, Lons, Zarautz, Maule, Iruñea, Irisarri, Hendaia, Bordele, Baiona, Getxo, Gasteiz, Beasain eta azkenik Eibarren muntatu da erakusketa. Guztira 30.000 bisitarik ikusi dute erakusketa.
Sarean eta Amerikan
Sarean ezezik, Soka erakusketak berriz hartuko du gorputz fisikoa, baina ez Europan, Amerikan baizik. Izan ere, 2020ko udazkenetik aurrera Ipar Ameriketan muntatuko da berriz erakusketa. Soka erakusketaren bertsio arindua izango da eta Kanadan, Montrealean abiatuko du Ipar Ameriketan egitekoa duen bigarren bira.
Dokumentuaren akzioak