Dokumentuaren akzioak
Soka erakusketa Beasainen da ikusgai bihartik aurrera
Beasaingo Igartza Jauregian ikus daiteke Euskal Kultur Erakundeak ekoizturiko "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa irailaren 28tik urriaren 23ra. Aurtzaka dantza taldearen 40. urteurrenaren eta Beasaingo udazken kulturalaren barruan egingo du parada Goierrin erakusketak. Erakusketarekin batera, Aurtzaka dantza taldeak, Beasaingo udalak eta dantzan.eus-ek elkarlanean hainbat jarduera antolatu dituzte datozen asteetarako.
Soka erakusketa Beasainen
Beasaineko Igartzako Jauregiko erakusketa aretoan izango da ikusgai euskal dantza herritar ororengana hurbiltzea helburu duen erakusketa ibiltaria. Euskal dantzen argazki eta irudi bildumak, lekukotasunak edota soinuak topatuko ditu bisitariak. Edukiak bisitarien eskutan uzten dira ukipen-pantaila, formatu handiko telebista, kuadro numeriko, ordenagailu eta bideoproiekzio eremuen bidez. Testuak euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez daude.
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 18:00- 20:00. Asteburu eta jai egunetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00
- Xehetasunak: Tfnoa: +33 943 02 80 50 / udala@beasain.eus
Urrian Beasainen ikusi ahal izango den erakusketa, ondoren Eibarrera joango da, Dantzan elkartearen egoitza berrian izango baita Soka erakusketa ikusteko aukera azaroa osoan zehar.
Udazkena dantzan
Beasaingo udazken kulturalak eta Aurtzaka dantza taldearen urteurren borobilak bat egin dute aurten, beraz, dantzak eta dantzari lotutako kontuek leku berezia izango dute datozen asteetan. Ia hilabetez egongo da euskal dantzari buruzko erakusketa irekita, baina horrez gain beste hainbat ekimen eta emanaldi izango dira. Irailaren 29an, bisita gidatua egingo du Oier Araolazak. Urriaren 12an, dantza, jaia eta ondare immaterialaren inguruko jardunaldiak antolatu dira. Gaian adituak direnek hartuko dute hitza eta euren herrietako esperientziak kontatuko dituzte zenbait dantzarik. Urriaren 17an, berriz, soka-dantzaren inguruko hitzaldia emango dute Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegik. Dantza hizpide izateaz gain, dantzariak oholtzara ere igoko dira. Aurtzaka, Kresala eta Dantzaki taldeek emanaldiak eskainiko dituzte udazken kulturalean.
Egitaraua
- Irailak 28, larunbata, 18:00etan: Soka erakusketaren irekiera Igartza Jauregian.
- Irailak 29, igandea, 12:00etan: Soka erakusketaren bisita gidatua Oier Araolazarekin Igartza Jauregian.
- Urriak 4, ostirala, 20:00etan: Kresala dantza taldea Ikonografiak ikuskizuna Erauskin plazan.
- Urriak 12, larunbata, 10:00etan: Jardunaldia: "Dantza, jaia eta ondare immateriala" Igartza Jauregian.
- Urriak 17, osteguna, 19:00etan: Hitzaldia: "Soka-dantza, koreografia politiko bat: Gipuzkoako Alkatetzen protokolo koreografikoa" Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegiren eskutik Igartza Jauregian.
- Urriak 19, larunbata, 11:00etan: Aurtzaka dantza taldearen desfilea eta jarraian dantza-emanaldia Gernika pasealekuko frontoian.
- Urriak 26, larunbata, 19:30ean: Txistularien alardea Gernika pasealekuko frontoian.
- Urriak 27, igandea, 18:30ean: Saloi-dantzen erakustaldia Dantzaki dantza eskolaren eskutik Gernika pasealekuko frontoian.
- Urriak 31, osteguna, 19:00etan: Euskal jantzien erakusketa ASMUBEk antolatuta Usurbeko erakusketa aretoan.
Dokumentuaren akzioak