Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Soka-dantza izango da protagonista larunbatean Otxandion

Dokumentuaren akzioak

Soka-dantza izango da protagonista larunbatean Otxandion

2021/09/02 07:45
Soka-dantza izango da protagonista larunbatean Otxandion

Duguna dantza taldeko eta Iurretako dantzariak sokan, Oñati, 2021-04-17. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Soka-dantza edo aurreskua ardatz izango duen ekitaldia antolatu dute larunbatean, irailak 4, Otxandioko plazan. Otxandioko Urduri dantza taldea, Iurretako, Garaiko, Berrizko, Garaiko eta Durangoko dantzariak izango dira plazan Durangaldeko eran dantzan, baina horiez gain Iruñeko Duguna, Eibarko Kezka eta Bermeoko Alkartasuna dantza taldeko kideek ere plazaratuko dituzte sokak. “Euskal Herriko hainbat soka-dantza erakutsi eta bata bestearen arteko antzekotasunak zein ezberdintasunak ikusteko aukera sortzea izan da asmoa”, azaldu digu Abasolok.

Otxandio soka-dantza
Otxandioko soka-dantza. 2017an berreskuratu ondoren, orain Iurretarren laguntzatz moldatua. Otxandio, 2021-07-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Aurreskuz osatutako eta musikaz eta bertsoez aberastutako ordu eta laurden inguruko ikuskizuna prestatu dute. Dantza taldeekin batera Bizkaiko gaiteroak, Ander Blasco, Carlos Sagi, Gari Otamendi, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Josu Zabala, Uxue Alonso eta Jasone Turunbi musikariak eta bertsoariak izango dira plazan.

Plazaratzeko eta saretzeko aukera

Durangaldeko soka-dantzaren inguruan hausnartzen dabiltza aspaldian Eneko Abasolo "Abarkas" eta Unai Esturo Iurretako dantzariak. Ikusi dute euren zonaldean dantzari-dantza sendo gordetzen dela, baina soka-dantza indarra galtzen doala. Kezka horretatik abiatuta, Otxandioko Urduri dantza taldearekin harremanetan jarri eta beste hainbat dantza talderekin elkarlanean, soka-dantza edo aurreskua protagonista izango den ekitaldia prestatu dute.

Erregelak
Duguna dantza taldeko eta Iurretako dantzariak erregelak-dantzatzen, Oñati, 2021-04-17. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Soka-dantzen erakustaldia egitea da helburu nagusia, baina baita dantza taldeei hauspoa eman eta plazan dantzatzeko aukera irekitzea ere, “pandemia egoera honetan dantza nahiko geldi dago, eta larunbatekoa aukera ona izango da dantzarientzat eta ikusleentzat”.

Ekitaldia dantzarien arteko topagune ere izango da, “horrelako ekimenak ederrak izaten dira dantzarien arteko harreman sareak sortzeko”. Asmoa da aurtengoaren ondoren ekimenak jarraipena izatea, eta datozen urteetan ere antzeko ekitaldia antolatzen jarraitzea.

Soka-dantza, dantza eta musika emanaldia

  • Non: Otxandioko plazan
  • Noiz: Irailaren 4an, 19:30ean.
  • Parte hartzaileak: Iurretako, Garaiko eta Berrizko dantzariak, Otxandioko Urduri, Iruñeko Duguna, Eibarko Kezka, Bermeoko Alkartasuna dantza taldea, Bizkaiko gaiteroak, Ander Blasco, Carlos Sagi, Gari Otamendi, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Josu Zabala, Uxue Alonso eta Jasone Turunbi.
  • Sarrerak: Egunean bertan edukiera bete arte.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.