Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Santibate edo Martin beltza gogoan

Dokumentuaren akzioak

Santibate edo Martin beltza gogoan

2007/02/16 17:20

Xaharren, ez, ez hain xaharren baitan ere hitz indartsuak egoten dira. Gure adituak kontsulta ditzagun: Duny Petreren bertsuek, dudarik ez, Santibate kabalkadari erraiten diote. Anjel Aintzibururekin bolant solas ari ginelarik behin erran zuen horren errateko egiazko izena “karatotxak” zela. “Bolantari?” ba “Horri”. Luzaidek muga badauka Bankarekin. Eta han karatotxa erraten zaio maskari, gazteak eske dabiltzalarik etxez etxe begitartea kukuturik. Hau “maskarada” zen Amikuzen eta Santibate Oztibarre Garazin. Kantuarengatik? Santibatek andere Arten bezala gerore Santibatek igortzen gaitu xingarketa gu ere. Eske hau kopla aire ezberdinekin egiten da Euskal Herri guzian aste bertsuan, izan Ganderailu San Bladi edo Santa Ageda bezpera. Kopla zaharra neurri gisa berdin hedatua da. Santimamiñetik Berreteretxen kantorian bezala.

Santibate hitzak eta doazkion bertsoek indar izugarria dute memorietan Garazin, berriki arte eskea ez baitzen joko edo antzezpen baina egiazki egina, urtatsez pasatzen ziren buhameak guneka eta berantago gazteak hauen eskarniatuz.

Buhamea zer den azaltzeko orriak eta orriak behar litezke. Baina garbi utz dezagun euskaldunak zirela hauek zu eta ni bezala edo gehiago. Negua udaberriari oposatzen den bezala, edo gaua egunari, derragun Buhame hau laborariaren ifrentzu/binperra dela.

Ematen du honek gure ihauteriak bi denbora azkarrak dituela Santibate eta Libertimendua. Gau eta eguna Ganderailu negu mina da edo zedarria Jondoni Martirineren (San martin) kidea, Eguberri eta Jondoni Johane lagun diren bezala. Ihauteria eta negua sinonimo ote dira? Olentzero ja, guretzat zirtzil bat baizik ez da, udan ikatz egiten ari mendian, neguak beherera ekartzen du. Ez da zerbaiten eskaintzera heldu, ematen du gehiago eske dabilela ase baten truk..

Artzain soilak ere abendu arte bortuan zeuden, egin ahala luzaz hots. Urtatsez hasten du buhameak bere lurraldearen itzulia edo kontrola, bere eremuko etxe guziak bisitatuz, orain nehork gehiago ezagutzen ez dituen xenderetarik.. Ez zait arras argi gure urtea eguberriz edo urtatsez hasten den. Orain ere Garazin Santibate hitza aipatzearekin berehala jalgitzen dira istorioak delako Manez beltza, Beñat beltza edo Martin beltza pasatzen zirela etxez etxe. Azken honek, hain baitira usu eta ederrak haren ditxo eta zirtoak, dudarik ez da pastoral edo ez... asto laster bat merezi lukeela bere lurretan. “Beltza zen? edo beltzarana?” “Ba nahi baduk baina ez, ez duk hori. Hola erraten zitzakon buhamea zelakotz” Abenduaren izen zaharra ilbeltza zen. Buhamea neguaren errege da. Edo negua bera. Oletako eta oihanetako langile, ikazkin edo beste, bideetako ibiltari, neguak berriz ekartzen du etxeetatik kanpoko jende hori berriz karriketara. Basa, edale, jokari kanpoko berria ekartzen dute. Ez dute deus galtzeko ez ohore edo kargurik defenditzeko, ez dira bozetan aurkezten, hitza librea eta behin behinekoan bizi dute. Bidetako umeak anitz herri eta karrika iraganik.

Hauek dira anekdota eta sukaldeetan kontatzen diren ateraldien sortzaile. Hitza beren ontasuna dute. Gure komedia del’arteren pertsonaiak dira. Luzaiden agertzen diren bi zirtzil pollit horiek lekuko. Atso eta Tupin. Elkarri estekatuak eta mundu guziaren kontra borrokan. Angel Aintzibururen arabera: zakur meheak kukuso guziak biltzen dituen bezala, elgarri estekatuak dira munduko zorigaitz guzien kontra egiteko bezala. Gu bezala?

Neguak Santa Ageda biluzten duelarik, ikazkin eta oletako txingar gorietan ibilarazten, denak ezartzen ditu eskasian. Buhamea gose da eta bere pentokatik etxaldeen aitzineko samatsetan ikusi goizeko suak urde hiltzea salatzen duelarik hurbiltzen da gerrena bizkarrean. Aro horretan denak dudan. Laborariek ogia ereina dute , eta ikaran negua gogorregi bada ea altxatuko ote den. Buhamea biziak zaildua da. Huntz hosto eta mihura bizkarkoi horiek bezala beti biziko da. Hauek dute frogatzen biziak dirauela, izerleka zuhaitzetan dabilela. Buhameen zirtoa, irri hori hertsaduren aitzineko baikortasuna da. Usaiako zirt zarteko hitz gudukaño baten ondotik badoa Martin heinka beste etxalde batera. Zotalegunek urteko hamabi ileen aroa ematen zuten bezala buhame baten bertsuak zori on edo txarra ekar zezakeen. Oroitzen dira gure amak nola amamak zingar puska lehiatuz prestatzen zuen ez zedin hel eskelaria azken kopla “zikin” horietara.

Etxean eder aihotza Etxek’andere hortz motza Su burdinez hauts bazinitza sudur eta kokotza. Ez eta ere ez zezan kantonamendu guzira fama heda, gure etxen “ez dela xingarrik” “saguak gaztegian umeak hazten” dituela. Santibatek hitzen indarrean sinesten du. Ilbeltza hitzaren denbora da. Baina Ganderailu joan eta hasten dira egunak luzatzen. Hesietan basandereak urritzen inguruan altxatzen eta hostoa jalgitzen, udaberria jinen da.

Eguzkia gorago eta horra bolanten aroa. Libertimendua zaldun ihautez egiten delarik zirtzilen ordeñuaren tenorea jina da. Hartza atzartu da. Buhamea Santibate den bezala bolanta udaberria da. Hau mutua da ordea, hitz-untzier zuhurtziaz ihardesten, metodoa eta lana ditu defenditzen. Bere moldean ekiaren baitako betiko sineste baten txamana da. Xuri gogorrez, buruko panpa goren mirailak eguzki hitsaren lehen printzak hartzen, emazteen eskuek xingola finez apaindurik, familiako urreria papoan, lana eta ezkontzen emaitza. Etxeak, egonkortasuna ordezkatzen dituzte, eramana eta laneko tema. Txabolen eta borden kontra. Apezpiku gerrikoa, apez estola eta pabillunketarien esku larruak janzten ditu bere erretmakilaren hartzeko. Bolant txarrari egin zezakeen laidorik handiena zirtzila erratea da. Buhame.

Bertsolariek lehia horretan leku berezia dute. Arbitro posturan dira. Eskatzen zaie zirtzilaren ausartzia, ozartasuna, eta izpiritua, zirtoa hots, baina adierazten dute hitz izartuz, neurriak errana leuntzen du eta onargarria egiten. Azken hitza atxikitzen dute. Anjel Aintziburuk dio xamarra jantzi behar dutela, hau jujearen arropa delako sinboloz, eztitzen edo indartzen dute zirtzil baten errana, araberan. Garaztarrek, azken urte hauetan biziki dantza zale egoten badira, beti buhameak ahantzi dituzte. Bizi moldeen aldatzeengatik dudarik ez da.

Buhameek nahiago zuten joan den gerlatik landa bolantez agertu eta elizaren erasoen parrean, beren irri kiskilarekin dantzaren gustua atxiki digute ere. Baina erreferentziak galduz joan dira Buhameen aroa? Zer ari zirezte zaharkeria horien berpizten? erranen dua jendeak? Ez preseski. Ezker eskuin hasten delarik honi buruz galde egiten ez da deus honelakorik entzuten. Emozio handia baizik. Eta galderak. Eta nonbait arrazoi ote zuena Martin beltzak? Bi filosofia dira parez par atzematen. Antolaketa, lana eta ereitearena hemen. Naturari errespetua eta ikastea hor. “Denean bun bun ez denean tun tun. Zerbait eginen diagu gero ere. Honenbeste irabaz et doblea gasta.”

Buhameak natura ez du bortxatzen, irakurtzen du eta baliatzen. Halabeharraren mirakuluan sinesten du. Lekukotzat bidez bide ibiltzeko eskutan ekartzen zituzten makilak, aihen-xuriak edo basandereak itzulian eskultatuak, menturaren emaitza. Bera jiten denaren gainean kondatzen, onddo eta errekatako arrainak. Izadia hauen liburua da.

Laboraria naturaren kontra borrokatzen da. Laborari alferrak uzten ditu pentzeak larretzera, naturak berriz eskua sartzen hartua izan zaionari. Teknika berriztatzeek, makinek sinetsarazi digute borroka hura fini dela, behin betiko irabazte batean errekak baztertzen ahal zirela, eritasunak kasatzen, belar zikinak pozoindatzen. Deusezendako ez ziren on eta. Zaharrek beti errepikatua “dena duena sortzekoa da” ez zuen haien filosofiak elite batean sinesten. Ortutsik dabilena, itsusia eta beltz den batek baduke ere zerbait, bere talentu parte gordea, eta prestatzen zitzaion buhameari ageri ez zitzaion boterea. Buhameak saski egile edo bertze zirelarik, ofizioz ibiltariak ziren. Erreka hegietako sahats zumeak pikatzen zituzten urtero eta bisita egiten urtaro beretan. Laborantzaren osagarri ziren ofizioak. Saski, jats, eta gapar-hesietako haitzak saltzen.

Trufatzen gara horietaz libertimendu maskaradetan? Leku onean! Doinu arrazista daukate? Jendartea hola zen.. “Bizitzeko dena ere on” eta ogibide guziek bere argi itzalak zituzten. Orain bezala. Baina orain ez bezala hitza ematen zitzaien. “Martin beltzak et’xi eskua luzatzen, ematen zazkonak hartzen ‘txi” zion berak omen. Gizarte hark besteen beharra zuen. “Ez dakigu noren beharra ukanen dugun.” Ez gara gure libertimendu hauekin rekonstrukzio edo revival baten egiten ari. Ez ditugu usaia zaharrak berpiztu nahi. Filosofia baten bila gabiltza. Ohartzen ari garela lehertze horri bere eza botatzen duela naturak, honela ez dugula irauten ahalko, gero eta estratifikatuago den mundu batera goazelarik, gazteak gazteekin eta aberatsak aberats gustuekin. Gelditzen gara bakarrik. Bidean. Gure buruari ozen zertan garen aldarrikatzeko. Botereari toka aritzeko. Hea uste dugunez bestearen beharrik badugula edo lehen auzoari ere kaka hire erraten ahal diogunez betiko. Boterea badut entzun behatu behar ote duta enetzat arriskua ez dena? Hots lassere-agerre-luztododinek proposatzen diguten sistema dugunez nahi. Ihauteria Martin beltzaren leziona zaigu. Gerrena xingolatua bizkarrean, oraingo burutazio eta ikusmolde porroskatu horren biltzaile gabiltza, etxea eta txabolaren arteko lotura urtez urte eta urratsez urrats eginez.

*************************

[Oharra: 2007 urtean argitaratua izen zen testu hau, eta ondorioz, behean dauden Santibate, Kabalkada zein libertimendu datak ez dira oraingoak, aspaldikoak baizik. Egutegi eguneratua agendan duzu]

Otsailaren 18an, goizeko 9.30tan haste kabalkada Donibane Garaziko karriketan. 11.30tan Libertimendua Trinketaren aitzinean. Garaztarrak taldea, Lizeoko zirtzilak, eta Erremundegi, Mateo eta Hiriart bertsolariekin.
*************************

Dokumentuaren akzioak

2017/02/03 20:59
Ez neukan testua hau lehendik irakurria eta... hori da hori lezioa! Antton Lukuk beti eramaten baikaitu ondo ezagutzen ez ditugun, baina, noiz edo noiz geureak izan direla iruditzen zaizkigun bidezidorretatik.

Xabier.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.