Dokumentuaren akzioak
San Martin Ezpata-dantza estreinatuko da azaroaren 9an Biarritzen
Aurrera doaz San Martin ezpata-dantzaren prestaketa lanak eta San Martin egunaren bezperetan, azaroaren 9an, Biarritzeko karrikak izango ditu estreinaldiaren eszenatoki. Maritzuli konpainiaren ekimena bada ere, hainbat talde eta elkartetako dantzariak dira inplikatuak bertan. Bi taldek osatzen dute San Martin ezpata-dantzaren segizioa: batetik 37 dantzarik osatzen duten taldea, neska eta mutilez osatua, eta haien ondoan 24 haurrek osatzen dutena, tradizioari jarraipena emango diotenak.
San Martin festetan egingo da urtero
Arrantzale eta noblezia izan dira Biarritzeko historiaren protagonistak, eta bi talde horien ibilbidea San Martinekin lotuz, hiriari ezpata-dantza hau oparitu nahi izan dio Maritzulik eta hitzordua finkatuta, urtero, San Martin festetan kaleratuko da ezpata-dantza. Euskal Herriko eta Europako ezpata-dantzen ereduan oinarrituta, XXI. mendeko dantza sorkuntza moduan aurkeztu du Maritzulik San Martin ezpata-dantza, "dantza tradizionalaren modeloaz inspiratua da, transmititua izan zaigun bezala, ohituraren indarra errespetatuz". Proiektuak EKEren eta Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak tradizionala deialdiaren babesa izan du.
Kofradia sortuta, karguak izendatuta
Pasa den ekainaren 13an, Biarritzeko San Martin Ezpata-Dantza Kofradiaren sortze ekitaldia burutu zen Baionako Euskal Museoan. Bertan Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Euskal Herriko beste ezpata-dantzak San Martin ezpata-dantzaren kofradiako ohorezko kide izendatu zituzten, eta Juan Antonio Urbeltz Maritzuli konpainiako ohorezko lehendakari izendatu zuten.
Ekitaldi berean, San Martin Ezpata-dantza gidatuko duten dantzariei ardurak eman zitzaizkien. Jon Iruretagoiena izendatu zuten kapitaina, eta Iraia Laskano, Bixente Ziuarriz, OIhan Indart, Marga Forrestier, Oneka Jauregi, Antoine Rivierre, Jon Olazkuaga, Perine Ferio eta Oihan Delavigne izendatu zituen ezpata txikien dantzari. Dantzaren ardura nagusia bere gain hartzeaz gain, ezpata-dantza antolatu, dantzariak gidatu eta ezpata-dantza babestea eta sustatzen arituko dira.
San Martin ezpata-dantza Biarritzen
2014ko azaroaren 9an
10:30ean: Ezpata-dantza Foch etorbideko parke publikotik abiatuko da. Ibilbidea: Kasino Munizipala, Sainte Eugenie plaza, Ama Birjinaren arroka, Port vieux , Mazagran, Bellevue Kasinoa.
Dokumentuaren akzioak