Dokumentuaren akzioak
San Juan bezperako soka dantza Errenteria-Oreretan
Usadio zaharrari jarraiki ekainaren 23ko 22:00etan abiatu ziren Ereintza Dantza Taldeko dantzariak Herriko Enparantzan udaletxeko arkupetatik. Aurtengo argazkia, ordea, ezberdina izan da. Lehen aldiz, emakumeek hartu baitute parte sokan hasieratik. Horrez gain, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako hautetsiak ere (Bildu, EAJ, PSE-EE, EB eta PP) hartu dute parte.
Iraultza Dantza Taldeak Urdiaingo doinuekin eman zion hasiera ekitaldiari. Jarraian, Julen Mendoza alkatea buru dutela plazari lehen itzulia eman zioten alkate soinuaren doinupean eta alkate makila eskuetan zuela. Ondoren lehen aurkez-aurkearekin ere ausartu zen Mendoza, eta jarraian Jon Mayari eman zion makila eta soka-dantzako aurreskulari papera. Horrekin nahikoa ez, eta Udaleko ordezkari guztien izenean alpargata ere dantzatu zuen gainontzeko dantzariek bezala. Ekitaldi jendetsua izaten da oso San Juan bezperako soka-dantza, atmosfera berezi batean ospatua, baina aurtengoa are eta bereziagoa izan da, eta ikusleak jabetuta esku zarta handiak eskaini zizkieten dantzari guztiei (gizon, emakume eta zinegotzi guztiei).
Ereintza Dantza Taldeak datozen urteotan formula honekin jarraitzeko asmoa du emakume eta alkarte zein zinegotzien parte hartzearekin, soka-dantzaren balio sinbolikoekin jarraiki.
Dokumentuaren akzioak