Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak San Fermin dantzarik ez da izango aurten ez Lesakan ez Iruñean

Dokumentuaren akzioak

San Fermin dantzarik ez da izango aurten ez Lesakan ez Iruñean

2020/07/02 08:45
San Fermin dantzarik ez da izango aurten ez Lesakan ez Iruñean

Zubigainekoa, San Fermin, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

2020an Iruñean eta Lesakan ez da San Fermin festarik ospatuko, beraz, festetako dantzak ere bertan behera gelditu dira. Aurten ez da ezpata-dantzarik, ez zubigainekorik izango Lesakan, eta Iruñeko trokeo-dantzak ere ez dira dagozkion testuinguruan egingo, nahiz eta azken hauek ohiko festa egutegiaren aurretik egingo den saio berezi batean ikusi ahal izango diren.

Lesakan zubigainekorik ez

Lesakako udalak zorrotz bete nahi du festak bertan-behera uzteko hartutako erabakia. Hori dela eta ez da dantzarik izango, txistulariek ez dute joko eta banda ere ez da aterako. Beraz, aurten ez dira igoko Lesakako ezpata-dantzariak zubi gainera dantzara. Hasiera batean, bandera dantzatzeko proposamena egin zen, hori pertsona bakar batek egiten baitu eta distantziak errespeta daitezke; baina azkenean hori ere ez da egingo. Lesakatik azaldu digutenez ikusleak pilatzeko beldur handia dago eta ondorioz ekitaldi bakarra ere ez egitea erabaki da.

Iazko San Fermin dantzak ere bereziak izan ziren Lesakan. Lehen aldiz emakumeak izan ziren ezpata-dantzarien taldean eta tradizio zahar eta ederrari aro berri eta oparoa aurreikusten zitzaion. Inork ez zuen esperoko urtebete beranduago ez zela ezpata-dantzarik izango San Fermin egunean Lesakan. 

Iruñean trokeo-dantzak bertan behera

Iruñean ere  ez da izango San Fermin festarik, eta ondorioz festen lehen ekitaldietakoa izaten den dantzarien alardea ez da ospatuko, eta ez da izango trokeo-dantzarik uztailaren 7an eta 14ean. Hala ere jaietako testuinguruetatik aparte, Iruñeko udalaren udako kultur-programazioaren barruan, Duguna dantza taldeko dantzariak Iruñeko udal txistulari eta gaitero bandekin batera Iruñeko Ziudadelan arituko dira uztailaren 5ean. Soka-dantza moldatua eta trokeo-dantzak emango dituzte. Sarrera libre izango da edukiera bete arte, 400 ikuslerentzat mugatu dute edukiera.

Trokeo-dantzak Iruñea
Trokeo-dantzak, San Fermin, Iruñea, 2018-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.