Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Migel Angel Sagaseta omenduko du Euskal Herriko txistulari elkarteak

Dokumentuaren akzioak

Migel Angel Sagaseta omenduko du Euskal Herriko txistulari elkarteak

2018/09/11 08:00
Migel Angel Sagaseta omenduko du Euskal Herriko txistulari elkarteak

Migel Angel Sagaseta, Etxarri Aranatz, 2011-05-16. Argazkia: Jon Iraola-Dantzan CC-BY-SA

Omenaldia eskainiko dio Euskal Herriko txistulari elkarteak Migel Angel Sagaseta Aristegiri (Ituren, 1941) irailaren 15ean Urdiainen. Euskal dantzak bildu eta berreskuratzen eginiko lanagatik elkartearen urrezko domina eta omenaldia eskainiko zaizkio Urdiaingo txistulariari. Jean Mixel Bedaxagar, Luzaideko bolantak, Urdiaingo txistulari eta dantzariak, Ortzadar dantza taldea eta Euskal Herriko txistulariek hartuko dute parte omenaldian.

Martxoaren 10ean, Euskal Herriko txistulari elkarteak egin zuen Batzar Orokorrean, aho batez erabaki zen elkarteak eskaintzen duen sari nagusiena, aurtengoan, Migel Angel Sagasetari ematea. Nafarroa Behereko folklorea biltzen egin duen lana aitortu nahi zaio. Izan ere, Sagasetaren lanagatik izan ez balitz, egun plazetan dantzatzen diren jauzi asko seguruenik galduak lirateke.

1966an Iruñean lehenengo meza eman eta apaiz joan zen Luzaidera Sagaseta. Herrian dantzak zuen presentziaz eta garrantziaz ohartu eta pixkanaka musikarekin laguntzen hasi zen, horrela, poliki-poliki informazio eta dokumentazio bilketan buru-belarri sartu zen. Luzaidetik abiatu eta Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Baztan eta Bearnoko dantzen bilketan lan ikaragarria egin du Sagasetak. Bere lehen ekarpen garrantzitsua 1977. urtean argitaratu zuen Luzaideko dantzak liburua da; Nafarroa Behereko dantza eta musikak ezagutu, berreskuratu eta zabaltzeko ezinbesteko tresna. Gerora, liburua osatu eta euskaratuta, 2011. urtean, Luzaideko ddantzak lana argitaratu zuen.

Sagaseta omentzeko festa eguna antolatu du Euskal Herriko txistulari elkarteak irailaren 15ean Urdiainen.

Egitaraua

  • 9:30ean, txistulariak frontoian elkartu eta entseguarekin hasiko dute eguna.
  • 10:30ean, kalejira Udaletxeko plazatik.
  • 11:20ean, harrera egingo zaio Migel Angel Sagasetari herriko sarreran. Bertatik segizioa Udaletxeraino hurbilduko da, agintarien harrerari bide emateko.
  • 12:00etan, ekitaldi nagusia Udaletxean. Euskal Herriko txistulari elkarteak urrezko domina ezarriko dio Sagasetari.
  • 13:00etan, herriko plazan txistularien kontzertua, Migel Angel Sagasetak jasotako jauzi eta dantza doinuak entzun ahal izango dira. Jean Mixel Bedaxagar, Luzaideko bolantak, Urdiaingo txistulari eta dantzariak, Ortzadar dantza taldea eta Euskal Herriko txistulariek hartuko dute parte.
  • 14:30ean, bazkaria frontoian. 

 

Informazioa:

Migel Sagasetak urrezko domina eta omena jasoko ditu irailaren 15ean

Sagasetari omenaldia, egitaraua (pdf)