Dokumentuaren akzioak
Ikusleek Lucia Lakarra saritu dute San Petersburgon
San Petersburgoko Oktyabrsky antzokiak munduko izarren gala antolatu zuen iragan den apirilaren 4ean. Izar horien artean hartu zuen parte Lucia Lakarrak, Munich-eko operaren balleteko dantzari nagusiak. Dance Open festibala isten zuen ikuskizunean Lakarrak Roland Petit-en Thais lana aurkeztu zuen Marlon Dino-rekin batera. Lehengo urtean lan honekin lortu zuen jaialdi horretako "Grand Premio" saria, eta aurten antolakuntzak errepikatzeko eskatu zion.
Gala bukatzear, dantzari zumaiarrak ikuslearen saria jaso zuen bertan zegoen jende artean egin zen bozkaketaren ondorio. Epaimahaiak. Natalia Makarova dantzaria buru zuela, kristalezko trofeo bat eman zion Luciari, Anna Pavlova dantzari handiaren hanka irudikatzen duen trofeoa. Galan, Ballet Bolshoi, Ballet Marinsky, American Ballet Theatre, Londoneko Royal Balleta, Pariseko Operako Balleta eta New York City Ballet ere aritu ziren dantzan Municheko operako balletaz gain.
Saria eman ziotenean Lucia Lakarrak ondoko hitzak esan zituen: "Ikusle gabe, dantza ez litzateke exisitituko eta dantzari batentzat, ez dago publikoaren babesa eta gertutasuna sentitzea bezalakorik. Txaloak jasotzea sari bat da niretzat jadanik, baina orain, babes horren oroitzapen gisa sari bat daukat gainera. Ilusio handia egiten dit, ikuslegoa zoriontsu egitea beti izan baita nire helmuga".
Dokumentuaren akzioak